CADE «ingurumenaren babeserako» elkartetzat aitortua izan da ofizialki
GARA
Ingurumenaren defentsan ari diren elkarteen kolektiboa (CADE) aspaldi zebilen homologazio horren bila, zehazki, 2004az geroztik. Alta, Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Ekologiako ministroak, «bere jarduera nagusiki ingurumenari zuzendua ez zelakoan» trabak jarri zizkioten behin eta berriro, eta afera epaitegietaraino iritsi zen.
Joan den abenduaren 31n, ordea, Bordeleko Dei-Auzitegi Administratiboak «ingurumenaren babeserako» kalifikazioa onartu zion, eta bide batez, prefeta eta ministroa zigortu zituen eskatutako aitortza hori ukatzeagatik, 1.500 euroko kalte-ordaina ezarriz gastuak konpentsatzeko.
Aurrerantzean, beraz, Hirigintza planak egiterakoan edota lurraldeko eremu babestuen zaintza bermatzeko ekimenetan kontsultatua izateko aukera izanen du CADEk. Halaber, naturaren, uraren, lurraren, paisaiaren, airearen edo gune berezien kaltetan legeak edo arautegiak urratzen direlarik, CADEk akusazio partikular gisa aurkeztea izango du.
«Lorpen handia»
Azken garaiotan AHTren burdinbide berriaren aurka buru-belarri ari den elkarteko ordezkariek adierazi dute auzitegiaren ebazpena «lorpen handia» dela ingurumena defendatzen duten guztientzat. Beren «borroka gauzatzeko baliabide eraginkor gehiago» izatea ahalbidetuko die ofizialki aitortu dieten kalifikazioak.