Saioa Iraola eta Miren Aranguren Euskal Herriko Bilgune Feminista
Biluztu, jantzi berriak harilkatzeko
Azken topaketa hauetan, identitate indibidual eta, batez ere, hauek eratzen dituzten identitate kolektiboen inguruko hausnarketari ekin diogu
Erronka zein eztabaida berriak izan ditugu hizpide Emakume abertzaleon IV. Topaketa feministetan. Berriro ere, jarraitu beharreko norabidea zehaztu eta gure praktikaren oinarriak definitzen aritu gara. Identitateen eraikuntza eta identitateen arteko artikulazioaren hausnarketa izan ditugu eztabaida gai Tolosan elkartutako 350 emakumek. Urteetan zehar gure jendartean nagusitu den emakumeon ikuskera esentzialistarekin apurtu dugu, nahiz eta estrategia politiko gisa berreskuratu dugun. Identitatearen eraikuntza subjektibotasunetik, norbanako ororen baitatik sortzen dela dioen ideia zabalduta dagoen honetan, ikuspuntu hau irauli, eta identitateak norbere zein kolektiboan egiten diren praktikek zehazten dutela barneratzea izan dugu helburuetako bat. Hala, identitate kolektiboak estrategia politiko komun baterako oinarria dira. Emakumeok subjektu politiko bilakatzeko oinarria. Gure herriko aldaketaren protagonista aktiboak izateko oinarria.
Beraz, ezin ditugu emakumeon interesak esentzietan oinarritu; klase anitzetakoak gara, interes anitzak ditugu, botere posizio anitzak ditugu, planteamendu feminista anitzak ditugu. Baina testuinguru zehatz batek batzen gaitu, egiturazko zapalkuntza batzuek batzen gaituzte: dimentsio politiko, ideologiko eta soziala duen egiturazko zapalkuntzak, alegia. Baina gure askapen proiektuak ere batzen gaitu, Euskal Herria feminista sortzeko nahiak batzen gaitu. Zapalkuntzen aurrean sortzen ditugun identitateek nazioa, klasea eta sexua-sexualitatea artikulatu behar dituzte. Horrela, sistemak gure erantzuna asimila ez dezan, zapalkuntza modu integralean ulertu behar dugu. Egun, berdintasunaren aroan bizi garen honetan, berdintasun politika eta planen aroan, berdintasun faltsu honi aurre egiten jarraitu behar dugu. Bide horretan instituzioen aurrean izan beharreko jarrera definitzen jarraitu behar dugu. Nola eragin liteke instituzioetatik? Lan erreal bat egin liteke? Hein batean, instituzioetan ikuspegi feminista nola txerta litekeen aztertzen jardun gara.
Horrez gain, praktika feminista garatuko duen identitate feminista birpentsatzen hasi gara. Mugimendu feministaren barnean dauden olatu berriez elikatzeko aukera izan dugu, baita Bilgunearen norabidean aldagai berriak integratzen joateko parada bikaina ere. Mugimendu feministaren subjektu politikoa zalantzan jarri eta emakume kategoria sakondu beharrean aurkitzen gara, errealitate berriak barnebildu eta inor alde batera utz ez dezagun. Zentzu horretan, emakume guztiok gure herriko aldaketaren protagonista egingo gaituen identitateen bila jo behar dugu. Baina, emakumeok subjektu politiko bilakatuko gaituen aldaketarako emakumeon ardura eta konpromisoa ezinbestekoak dira. Teoria eta praktika uztartu behar ditugu; feminista bezala jardun behar dugu, emakumeok feminista bezala jarduteko ardura daukagu. Eredu zaharrak ideia berriez janzteko beharra azaleratu da, gaur egungo «ni»a zalantzan jartzen dituzten identitateak behar ditugu, identitate kolektibo borrokalariak behar ditugu.
Praktikak izan behar du oinarri, harreman eredu berrietan ere praktikaren bitartez sakontzen jarraitu behar dugu. Sexuen arteko bereizkeriak gaindituko dituzten harremanak lantzen segitu behar dugu, horrela, elkartasun zubiak eraikiz. Nolabait, heterosexualitatea norma bakar, legitimo eta hegemoniko bezala ulertua izan den honetan, hau gaindituko duten harremanak sortu behar ditugu. Sexualitatea eta gorputza mugarik gabe ulertuko dituzten harremanak, alegia.
Azken topaketa hauetan, identitate indibidual eta, batez ere, hauek eratzen dituzten identitate kolektiboen inguruko hausnarketari ekin diogu. Ezinbestekotzat jotzen ditugu identitate feministak emakumeok subjektu politiko bihurtzeko erreferentetzat. Baina Euskal Herriko aldaketa politiko eta soziala ahalbidetuko duen praktika feminista aurrera eramateko, mugimendu feminista indartsua behar dugu. Denon ardura eta konpromisoz bagoaz, indartzera. Bagoaz jantzi berriak harilkatzera.