Letxuga, porrua, zerba, erretzeko piperra eta Arabako Errioxako olioa, labeldun jaki berriak
GARA | GASTEIZ
Letxugak, porruak, zerbak, erretzeko piperrak eta Arabako Errioxako oliba olioak kalitatearen euskal labela jaso berri dute, atzo Pilar Unzalu Nekazaritza sailburuak iragarri zuenez.
Unzaluk lehen sektoreak duen gaitasuna nabarmendu zuen, eta Lakuako Gobernuak egin dituen kalkuluen arabera, aurten sektoreak %10,01eko hazkundea izango duela esan zuen.
Garapen bide horretan, labelaren bidez kalitatezko nekazaritzaren aldeko apustuari eutsi behar zaiola esan zuen Patxi Lopezen Gobernuko kideak. Horrez gain, gogorarazi zuen dagoeneko hamabi produktuk dutela kalitatearen labela, haragia, baserriko oilaskoa edota eztia, ezagunenen artean. Label izendapena izango duten duten produktu berrien artean, Arabako Errioxako olioa aipatu zuen, azken urteotan uzta hori nabarmen bultzatu baita, ardoak ematen dituen diru-sarreren osagarri izan daitekeelako.
Nekazaritza ekoizpenek laguntza zuzenak izaten jarraituko dutela adierazi zuen Unzaluk, baina «berrikuntza» lantzearen alde azaldu zen, produktuei balioa gehitzeko, bestela irteerarik ez dutelako, bere ustez.
Beste alde batetik, «zirkuitu laburrak bultzatzearen» beharra azaldu zuen, produktua ekoizlearengandik kontsumitzailearengana zuzenean iristea alegia, eguneko esnea ematen duten makina berriak adibide. Soberan den esne horrekin balio erantsia lor daiteke, gazta eta kristalezko poteetako jogurta ekoiztuz. Unzaluk esan zuenez, badaude oso ekoizpen txiki baina lehiakorrak dituzten euskal enpresak, ezberdintasunaren aldeko apustua egin dutelako.