GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Lana bulegoetan

Hainbaten etorkizuna erabaki dezakeen hilabetea

Caparrosekin hitz egitear daudela, Yesteri eta Toquerori kontratua berritu nahian dabil kluba. Beste hainbat jokalarik Bilbotik urrun amai lezakete.

p034_f01_666x666.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

Urtarrileko ibilbideak denboraldiko borroka non dagoen erabakiko du. Horixe esaten ari dira azken egunotan Athleticen entrenatzailea eta jokalariak. Ez da, hala ere, hurrengo hiru asteotan argitu daiteken kontu bakarra, hainbat zuri-gorriren etorkizuna ere argitzear baitago.

Klubak, hasteko, Fran Yeste eta Gaizka Toqueroren kontratuak berritzeko lanean dihardu. Garcia Macuak maiz adierazi du hori lortuko duten uste osoa, baina akordioa oraingoz ez da heldu eta iragan astetik, gainera, gainerako taldeekin hitz egiteko eskubidea dute biek. Jokalarien ingurutik eskaintzak dituztela esan izan da, halere, zuri-gorriz «tindatuta» daude eta, ustekaberik ez badago, Yestek eta Toquerok Athleticen jarraituko dute hurrengo hiru denboraldiotan -hirugarrenaren aukera jokatutako partidek baldintzatuko badute ere-.

Presidenteak esandakoari jarraituz, bestetik, baliteke honek Caparrosi laster egitea jarraitzeko proposamena. Maiz onartu du Garcia Macuak entrenatzailearen lanarekin pozik egon arren, horrelako erabakiak perspektiba apur batekin hartu behar direla eta, hartara, nahiago zuela Caparrosekin Ligako lehen itzulia amaitutakoan hitz egin. Hiru aste besterik ez dira falta horretarako eta klubaren jarrera argi dago, andaluziarrak Bilbon jarraitzea nahi du -urtebetez besterik ez bada ere, 2011ko udan hauteskundeak baitaude-; Caparrosen nahiak, berriz, zalantzak sortzen ditu.

Merkatua

Epe motzeko kontua bada ere, badago etorkizuna erabakitzear duten beste hainbat jokalari ere. Neguko merkatua aprobetxatuz, Athleticen ez dituzten minutuak Bilbotik kanpo bilatu nahi izan ditzaketen gizonak, hain zuzen.

Zazpi dira bost partida baino gutxiago jokatu dituzten zuri-gorriak, baina guztien egoera, jakina, ez da berbera. Armandok, adibidez, argi dauka denboraldia non amaituko duen, orain arte Kopako neurketa biak besterik jokatu ez dituen arren; eta Iñigo Diaz de Ceriori dagokionez, Joaquin Caparrosek berak baztertu du hau joatearen aukera, taldeari «asko eman diezaiokeen» gizona dela gogoraraziz.

Beste hainbestek entrenatzailearen oniritzia izango lukete, baina min hartuta egonda, eta beren azken ibilbideak erakargarriegiak ez direla kontuan hartuta, zaila izango dute alde egitea. Iñaki Muñozen eta Iban Zubiaurreren kasua da hori.

Ion Velez, Ander Iturraspe eta Xabi Etxeitak osatzen dute zerrenda, nafarraren kasuan lesioak aukerak murriztu ditzaketen arren. Erdilariak, berriz, teknikoekin batera erabaki beharko du zein den bide komenigarriena -Bilbao Athleticen jokatzea lehen taldearekin izan ditzaketen aukeren zain ala utzita beste talde batean jokatzea-. Eta atzelaria, azkenik, egun Lezamatik urrunen dagoen jokalaria izan daiteke, San Joseren aurrerapena, Ocio itzultzeko epe motza eta Real Union bezalako taldeek duten interesa kontuan hartuta.

LAnSAIO apala

Hotzagatik-edo, aurreikusi baino jende gutxiago izan zen taldeak atzo San Mamesen egin zuen lansaio berezian. Zuri-gorriak Lezamara itzuliko dira gaur.

MALAGA

Lopez Muñizek argi dauka zeri eman nahi dion garrantzia eta igandero aritzen diren jokalari ugari harmailetan utziko ditu, Malaga eta Getaferen arteko Kopako partidan. Malaga da Athleticen hurrengo aurkaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo