Binakako Txapelketa hasi da
Aritz Beginoren lege isila
Auzako atzelariak partida erditik aurrera irekitako zuloak bikain baliatu zituen Pablito Berasaluzek.
BERASALUZE VIII-BEGINO 22
GONZALEZ-LASKURAIN 14
Asier AIESTARAN
Gaur egun dagoen atzelari estimatuenetakoa da Aritz Begino. Haren eskuinkadek beldurra sortzen dute aurkariengan eta zaleak urduri hurbiltzen dira frontoira, kanoikada ikusgarri horietakoren batekin gozatzeko aukera izango ote duten galdezka beren buruei. Baina askotan, errebotera zuzen-zuzenean sartzen diren pilotakada txalotu horiek adinako balioa izaten dute isilean, behin eta berriro, etenik gabe, aurkaria 8-9 koadroan behartzen duten pilotek. Eta atzo, horietakoak gehiago izan ziren Eibarko Astelenan.
Errebotera argi, pilota bakarra sartu zuen Auzakoak, baina beste hiru alditan, gutxienez, Laskurainen debaldeko ahalegina behartu zuen atzeko koadroetan. Eta, batez ere, partida erdialdera erakusten hasi zen nagusitasunak Pablo Berasaluzeri tantoak errazago amaitzeko aukera eman zion. Modu horretan, gorriek 10 tantoko partziala lortu zuten, 7-9kotik 17-9kora, eta hasiera nahiko parekatua izan zuen norgehiagoka hautsita utzi zuten oso minutu gutxian.
Gonzalezek ere izan zuen zeresana aldaketa horretan. Aurreneko tantoetan buru-belarri ibili zen aurkarien jokoa nahastu nahian. Bazekien beraiek irabazteko aukera bakarra Beginori lasai jokatzen ez uztea zela, eta airez min egin zuen aurreneko minutuetan. 1-5 eta 2-6 aurretik ere ibili ziren urdinak, baina airez eraman gabe utzi zuen sake batek eta Pablok ongi baliatutako beste erresto batek Azkainekoaren konfiantza murriztu egin zuten eta hortik aurrera ez zen horrenbeste sartu jokoan.
Sakez pasa ere bai
Juxtu kontrakoa pasatu zitzaion Pablitori. Aurreneko tantoetan gehiegi luzitu ez arren, apurka-apurka jokoan sartzen joan zen eta tanto eder askoak ere egin zituen partida aurrera joan ahala. Ikusgarriena, agian, zazpinako berdinketa lortzeko errebotera bidali zuen pilotakada izan zen, baina aurrean ere tanto oso onak amaitu zituen, 16-9koa eta 17-9koa lortzeko sartu zituen bi ezker-gantxo bikainak, esaterako. Bere egunik onena izan ez arren, jokoan zortzi tanto eta sakez beste bi eginda bueltatu zen etxera atzo ere berriztarra.
Gainera, arratsaldeko gertaera bitxienetakoa ere berari zor diogu. Txapelketa honetako berrikuntza nagusietakoa da sake bakarra dagoela, eta Berasaluzek egindako pasak zortzigarren tantoa eman zien Gonzalez eta Laskuraini. Bizkaitarrak partida amaieran onartzen zuenez, «lehen aurreneko sakea oso luze ateratzen nuen beti, baina orain, arau aldaketarekin, kontuz ibili beharko dut horrekin». Beste aurrelari batzuek ere, Titin bera kasu, kontuz ibili beharko dute sakearekin gehiegizko arriskuak hartzerako garaian.
Lehen puntua poltsikoan hartuta, Berasaluzek eta Beginok Irujo eta Beroizen aurka jokatu beharko dute datorren astean, askorentzat faborito izan daitezkeen bi bikoteren arteko lehian. Pablitoren ustez, ordea, «txapelketa oso luzea da eta oraingoz garrantzitsuena konfiantza hartzea da. Honek buelta asko emango ditu oraindik».
Gonzalezek eta Laskurainek, aldiz, Oinatz Bengoetxea eta Belokiren kontra jokatu beharko dute bigarren jardunaldian. Hasiera batean, haien ezaugarrietara hobeto moldatzen diren aurkariak izango dira eta hori baliatu beharko dute lehen unetik sailkapenean oso atzeratuta geratu nahi ez badute.