Markeliñek amets egiteko eskubidea aldarrikatuko du taula gainean
Irla guztiak mapetan daudela dioen jarreraren alboan, «Uharte ezezaguna»ren bila bidaiatzekoa. Horiek dira bizitza begiratzeko bi moduak eta horiek dira Saramagoren testuan oinarrituta Markeliñek taularatuko duen lanaren oinarria. Bihar Zornotzan estreinatuko den lan honek Euskal Herriko antzokietan zehar bidaiatuko du hurrengo hilabetetan. Haurrei begira egindako lana bada ere, helduak ere harritzea du helburu «Uharte Ezezaguna»k.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Aldarrikatzen zuen, bere idatzi mordoen artean, amets egiteko eskubidea Eduardo Galeano uruguaitarrak. Irakurketa berdina xede, idatzi zuen «Uharte ezezaguna» ipuin laburra Jose Samaragok. Azken testu honekin egin zuten topo Markeliñe antzerki taldeko kideek, baita taularatzeko erabakia hartu ere. Lan honen emaitza bihar estreinatuko da Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan.
Ikuskizun honen alderdi teknikoaz arduratzen den Jon Kepa Zumaldek azaldu duenaren arabera, koordinazio lanak egin dituen Joserra Martinezek proposatu zien ipuin hau antzerki bihurtzeko ideia. Haren ustez, pertsonaia gutxi izateak eta duen teatraltasun mailak antzezteko egoki bihurtzen zuten. Erronka ez zen txikia. «Maitasun istorioa denez, zaila iruditzen zitzaigun umeentzako gai bezala jorratzea, baina zailtasun horrengatik zehazki gai aproposa zela erabaki genuen», azaldu du Zumaldek. Horrez gain, mezu nagusia ametsei jarraitzea dela argitu du, eta, bide batez, aginteari egiten zaion kritika.
Hiru pertsonaia egongo dira taula gainean. Istorioaren abiapuntua emakume batek erreginari Uharte Ezaguna ezagutzeko barku bat eskatzen dionekoa da. Erreginak irla guztiak mapetan daudela erantzunda ere, neskak tinko eusten dio bere ametsari jarraitzeko helburuari. Jatorrizko ipuinean bi pertsonaia hauek gizonezkoak ziren, baina Markeliñekoek aldatu egin dituzte, haien ustez, interesgarriagoa delako bai askea den pertsonaia bai agintaria ere emakumezko bihurtzea. Aldi berean, garbiketa lanetan aritzen dena gizonezko bihurtu dute. Azken hori, hasiera batean ezjakintasunean murgiltzen dute, irakurtzen ez dakien pertsona bezala. Antzezlanak aurrera egin ahala, eta kulturaz jabetuz doan heinean, bere kabuz aukeratzeko eta erabakitzeko bidea irekitzen zaio.
«Familia osoari zuzendutako keinudun lan» bezala sailkatzen dute Markeliñekoek. Hala ere, Jon Kepa Zumaldek argitu duenaren arabera, saiatu dira umeez gain horiekin batera antzokira joan ohi diren helduak ere harrapatzen. Gainera, dramaturgia aldetik tinkoa dela, oso estetika landua duela azaldu du. «Guretzat istorioa aktoreen mugimenduekin bat dator». Bere aburuz, umeek ez dute berezitasun handirik aurkitzen ohituagoak daudelako, baina helduek «estetika berezia» duela nabarituko dute. Estreinaldia bihar bada ere, aurretik egindako probetan ikusi dute haurrek «ondo ulertzen» dutela, «hasieratik so eta lotuta daude», baina helduak «harrituago» ateratzen dira antzokitik. Izan daiteke, urteen poderioz, amets egiteak duen garrantzia ezabatuz doalako. «Uharte ezezaguna» horren aurka borrokatuko da bihartik aurrera.
Antzezlana: «Uharte ezezaguna».
Gidoia eta zuzendaritza: Markeliñe.
Ikuskizunaren koordinazioa: Joserra Martinez.
Antzezleak: Fernando Barado, Sandra Fernandez eta Itziar Rekalde.
Laguntza teknikoa: Jon Kepa Zumalde.
Markeliñe taldeak ohi duen bezala, keinu eta aktoreen mugimenduetan oinarritzen den lan bat da hau, hortaz, testurik ez duena. Jose Saramagoren ipuin bat hartzerakoan, euren erronka antzezlana idatzizkoaren mailan jartzea izan zen. «Hasieran gure bertsioa egin nahi genuen, ideia hartu eta gure istorioa eraiki», azaldu du Jon Kepa Zumaldek. Horrela aritu izan dira aurreko lan batzuetan; esate baterako, «La vuelta al mundo en 80 cajas» eta «Los domingos no hay piratas». Hala ere, sortzeko prozesuan zehar, oso lan interesgarria zela pentsatu zuten eta ahalik eta bertsiorik fidelena lortzen saiatu direla ziurtatu du Markeliñeko kideak. «Azkenen oso fidela atera zitzaigunez, baimena eskatu behar izan diogu Saramagori». Idazleak ez zuen oztoporik jarri eskubideen gaian baina, hala ere, bere harridura erakutsi zuen jakitean berak idatzitzako ipuin batekin testurik ez duen antzezlan bat egiteko nahia zutela. Azkenik, idazleak beren lana zuzenean ikusteko aukera izatea gustatuko litzaiekeela esan dute taldekoek. «Ezin bada hona etorri, Portugalera egingo dugun bidaiaren batean izatea espero dugu».I. A.