Aske dira merkataritza gunea blokeatu zuten lau ekintzaileak
Gaua Ertzaintzaren komisarian igaro eta epaile aurretik pasa ondoren aske gelditu ziren desarrollismoa eta kontsumismoa arbuiatzeko Irunen bidea moztu zuten lau ekintzaileak. «Desordena publikoa» egitea egotzita, ordea, bi astean behin sinatzera joan beharko dute.GARA |
Kontsumismoaren eta desarrollismoaren aurka astearte arratsaldean hormigoizko bidoietara kateaturik Irungo Txingudi merkataritza guneko sarrera moztu zuten lau ekintzaileak aske dira, atzo eguerdian epailearen aurretik igaro ostean. Errege magoz jantzitako ekintzaileak Ertzaintzak Irunen duen komisarian igaro zuten astearte gaua eta atzo eguerdian eraman zituzten epailearen aurrera, Irungo epaitegian bertan. Aske gelditu ziren laurak, baina «desordena publikoa» egin izana egotzita, bi astetik behin sinatzera joan beharko dute epaitegira.
Komisarian atxiloturik eman zituzten ordu guztietan loa galarazteko ertzainek argia piztuta mantendu zuten arren, jasotako tratua «nahiko zuzena» izan zela aitortu zuten atxilotutako lagunek. Alta, lau ekintzaileak haserre agertu ziren Ertzaintzak protestan bertan izandako jarrerarekin. Izan ere, salatu bezala, «bortizki» aritu ziren kateatutako ekintzaileak alde batera eta bestera mugitzen. GARAri adierazitakoaren arabera, trafikoari bidea irekitzeko, bidoi eta guzti mugitu zituzten ekintzaileak eta horren ondorioz «hainbat kolpe» jaso zituztela adierazi dute. Ekintzaileetako bati gainera, ertzainek bidoitik ateratzeko erabilitako bortizkeria dela-eta, besoan zauria eragin zioten.
Ertzainek, nahita, lokatzean sartu zituztela ere salatu dute ekintzaileek eta hainbat mehatxu ere egin zizkietela eman dute jakitera.
Asteartean, Errege egun bezpera izanik, makina bat lagun zebilen azken erosketak egiten Txingudi merkataritza gunean. Horiek horrela, 17.15ean abiatutako protestak auto-ilara luzeak eragin zituen bai merkataritza-gunera doan errepidean, baita N-1ean ere.
Proiekti txikitzaileen aurka
19.3oerako ekintzaileak bide bazterrera eraman ondoren, suhiltzaileak bertaratu ziren errege magoz jantzitako ekintzaileak bidoietatik askatzeko. Lan hauek 22.30 arte luzatu ziren eta horren ondoren laurak atxiloturik eraman zituzten ertzainek Irunen duten komisariara.
Ekintzaile horiez gainera, inguruetan desobedientziaren aldeko eta desarrollismoaren aurkako pankartak jartzen eta informazio esku-orriak banatzen hogei bat lagun aritu ziren. Horietako batzuk ere identifikatuak izan zirela salatu dute.
Ekintza honen bitartez kapitalismoarekiko nahiz kontsumo-gizartearekiko gaitzespena adierazi nahi izan zuten; bai eta, «txikitzailetzat» jotzen dituzten hainbat azpiegiturekiko aurkakotasuna erakutsi ere. AHT, Jaizkibelgo Superportua, Hondarribiko aireportuaren zabaltzea, Zubietako errauste-planta eta Irungo nekazaritza auzoen urbanizatzea salatu zituzten, besteren artean.
Joan zen abenduaren 23an, antzeko ekintza bat egin zuten Barakaldoko Megapark-en. Bertan ordea, polizia karga gogorrak eta 10 atxilotu izan ziren.
Errege magoek Irunen egin zuten bezala, abenduaren 23an Olentzerok Barakaldoko Megapark-eko sarrera oztopatu zuen.