GARA > Idatzia > Kultura

Jose Merce flamenko kantari sonatuak «Ruido» aurkeztuko du gaur Arriaga antzokian

p042_f01_97x92.jpg

GARA | BILBO

Jose Merce flamenko cantaor ezagunak 2010eko musika programazioa irekiko du Arriaga antzokian gaur -sarrerak agortzear ziren atzo-, eta «Ruido» lan berria aurkeztu. Maisuarekin batera, Manuel Moreno Moraito eta Dani de Moron gitarristak eta El Guito perkusionistak joko dute, baita Rafa, El Negro eta Marcek ere, koru eta txaloetan.

Mercek Flamenco Calle de Alcala saria jaso zuen iaz, eta «Ruido» lan berriak -aurki izango da salgai- Isidro Muñoz izan du zuzendaritzan eta ekoizpenean, aurreko «Confi de fua» diskoan bezala.

Irailerako kalean behar zuen lana atzeratu egin zen Moraito gitarra jotzaile eta Merceren lagun-minaren gaixotasun bat medio; oraindik ez dute argitaratu eta zuzenean ere, bi aldiz baino ez dute aurkeztu.

Isilean burututako grabaketen inguruan, «gitarra asko eta zalaparta gutxiko lana da», esan du Mercek, «sorpresaz betea». Tartean, Manu Chaoren «Clandestino» edo Luis Eduardo Auteren «Al alba», zurrumurruen arabera.

Sototarra

Izenez Jose Soto Soto, Jerez de la Fronteran, Cadizen, jaio zen Jose Merce, 1955. urtean. Handik Madrilera jo zuen 13 urte baino ez zituela. Hainbat flamenko taulatan egin zuen lan bertan, osaba Manuel El Sorderarekin. Izan ere, Mercek flamenko munduan sona handiko senideak ditu, Paco Luz aitona esaterako.

Flamenkoak liluratu aurretik, ume koxkorra zela, latinez abestu zuen Mercek Mesedeetako Basilikako haur kantarien artean, eta hortik datorkio izen artistikoa. Hemezortzi urte egitean, Antonio Gadesek bere konpainian hartu zuen, eta dantzari handiarekin, Merce Europa eta Amerikan ibili zen, 1973 eta 1983. urteen artean.

Egun, flamenko kantarien artean handienetarikoa dugu Merce.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo