GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro idazlea

Olentzero

 

Aste honetan ere merkatariek haginak odolez blai izan dituzte, erregeen bisitari eskerrak. Asteartean kalean topatu genituen, kamioiek zamatutako orgen gainean, «txino»ren batean erositako mozorroak jantzita. Pasaeran goxokiak botatzen zizkieten haurrei: batzuek goxokiak bota, besteak usoen antzera koloretako harribitxien bila, elkarri bultzatuz. Ez ote da irakaspen petrala, besteek emandakoa jasotzeko lurrean ibili beharra?
 
Baina ez nuke erregeez hitz egin nahi. Geure mitoa Olentzero da, dagoeneko kolesterolak akabatuta beharko lukeen bizardun hura… Nola izan liteke baserritar bat geure haurren ilusioen pizgarri? Baserritarrak, geure iragarkietan agertu bai, baina zinez geure bistatik aparte nahiko genituzkeen basati horiek… Ez, nekez litzateke baserritar bat geure haurren irudi, irudia gaur egun asmatu beharko bagenu. Politikariren bat izango litzateke ziur, Iñaki Galdosen edo Javier Madrazoren tankerakoa, tipo apaina eta modernoa. Mahai baten aurrean jarriko litzateke, “herritarren eskariei erantzuteko”. Herritarrak joango lirateke opari eske, eta, babes ofizialeko etxebizitzen zozketetan bezala, hura han egongo litzateke, paparra gizen, «zuri bai, zuri ez», opariak lagunen artean banatzen.
 
Zinez, ez dakit zer dabilen gizonkote mozkor likits hori geure etxeetan. Ez da eredu ona. Gatorade edo halako edari isotonikoa edan beharko luke, eta lepotik egin beharko luke lan, geuk bezala. Zer da ba Olentzero? Urtean behin lan egiten duen alfer bat. Jendaila. Nonbait ikusten baduzue, ez ezazue debekatu: egin iezaiozue tiro, nire partez.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo