Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Miserableak!
Mobilizazio hilabetea izanen dugu; parte hartzea garrantzitsua izanen da. Noski, «Egunkaria»-ren aurkako auzia, hastekotan den Udalbiltzarena, oso erasokor daude estatuak, ez da erraza hurbildu zaiguna
Igande honetan Martinikan eta Guyanan kontsulta iragan da. Une politiko nagusi horretaz ez dugu gauza handirik jakin. Izan ere, nahiz eta uharteetatik etorritako milioi bat jende bizi den Paris inguruan, Estatuaren antolaketa zuzenean hunkitzen delarik, frantses Estatuko prentsa nagusiak ez du berri zehatzik, azalpen argirik eskaintzen, gaur egun uharte bi horietako biztanleei proposatzen zaiena ulertzeko. Noski, autonomia gehiago lortzea da apustua, eta urteetako lanak bere emaitzak eman behar lituzke. Alta, handik zuzenean bildutako berriek aipatzen dute nola tokiko nagusiek, kanpainatik aparte gelditzen den elkarte batek, erran nahi baita hauteskundeetako araudietatik kanpo dagoen elkarte batek, aldaketaren kontra kanpaina egin duen, inongo zigorrik gabe noski. Zer ondoriozta daiteke? Alde batetik, borrokaz lortutako erreferendumaren berri ez dela ematen. Frantses Estatuaren batasunak ez du funtsik, hainbertze manipulazio eta zapaltzearen gainetik, Parisek ez du konbentzitzen. Estatuak bortxaz kudeatzen dituen herri zapalduek beren aldetik, beren geroa hautatu nahi dutelako. Bigarrenik, konbentzitzen ez denez, manipulazioarekin jarraitu behar. Hau da, kanpainatik aparte, kanpainan eragiten duten beste faktore batzuk sartu eta emaitzetan eragin. Dagoeneko, ez dakigu zehazki 73. eta 74. artikuluek zer dioten, baina sondeoak eginak izan dira eta denek zioten ezezkoa irabazle ateratzen zela. Sekula batzuek zer bozkatu ez bazuten erabaki, ideia zerbait eman zuten aski aitzinetik! Hau da demokrazia! Eta aferaren borobiltzeko polizia gehiago igorri dute uharteetara, karriketan presentziaren azkartzeko. Toki batetik bestera aterabide bera du Estatuak, konponketa Poliziaren bitartez.
Dena den, berri onak heldu dira uharteetatik, Martinika, Guadalupe eta Guyanako kolektiboek elkarrekin lan egiteko nahikeria erakusten dute, eta aste honetan berean bi egunez bilduko dira. Hau baita estatuari aitzin egiteko bide bakarra.
Eta hemen horretan gaude. EA, AB, eta Batasuna alderdiek elkarrekin lan egiteko borondatea agertu dute, heldu diren hilabeteetan izanen ditugun erronkei erantzuteko aproposa.
Fronte anitz piztu ditu Sarkozyk, baina irakasleak eta erizainak etxera igortzen zituen bitartean, kuartelak bete ditu. Negargarria baldin bada ere, langabeziatik ihes egiteko gazteak bide hori hartzeko prest badaude. Autoritateari men egin eta autoritatea errespetarazi, hau da Gobernuaren ildo ideologikoa. Ondoko asteek hau baizik ez digute eskainiko. Laborantza Ganbera auzitan urtarrilaren 18an, Estatuaren arra-moldaketa, bakar batzuen artean erabakia, Ipar Euskal Herria ezagutzarik gabe uzten duena, eta bukatzeko AHTa, Parisetik inposatua, gure lurraldea xehatzeko proiektua, bakar batzuen aberasteko.
Erantzunak prest daude, mobilizapenak ere. Mobilizazio hilabetea izanen dugu; parte hartzea garrantzitsua izanen da. Noski, «Egunkaria»-ren aurkako auzia, hastekotan den Udalbiltzarena, oso erasokor daude bi estatuak, ez da erraza hurbildu zaiguna. Ez dute beste proposamenik, erasoa eta boteretsuen zerbitzurako eraiki dituzten epaitegiak. Miserableak.