Finantza sektorea nola erregulatu eztabaidatzen ari dira Basilean
Munduko potentzia nagusietako bankuak Basilean dira egunotan finantza sektorearen egoera oinarri hartuta. Gaur egun finantza sistemak dituen arriskuak aztertuko dituzte, bai eta berau nola indartu ere. Finantza Egonkortasunerako Batzordeko lehendakariak finantza sisteman ahulezia handia dagoela esan zuen, egoera suspertzeko, batez ere, pizgarri-programak erabili direlako. Datozen urteotako finantziazio beharrak ere arriskutsuak direla adierazi zuen.
GARA |
G-10eko banku zentralak, hainbat herrialde industrializatu eta munduko banku komertzial handienetako ordezkariak Suitzako Basilea hirian bildu ziren atzo finantza sektorearen egoeraz eztabaidatzeko. Gaur amaituko dute bilkura eta G-10 osatzen duten herrialdeetako banku zentraletako gobernarien ordezkari den Europako Banku Zentraleko lehendakari Jean Claude Trichetek bi eguneko eztabaidaren ostean lorturiko deliberazio eta ondorioen berri emango du.
Finantza sektorearen inguruko hausnarketa egiteko, bankariek ezinbestean hartu beharko dute aintzat munduko banku nagusiek finantza sisteman kredituaren jarduna kolapsa ez zedin egin dituzten sekulako likidezia txertatzeak. Era berean, funtsezkoak dira Gobernuek martxan jarri dituzten pizgarri fiskalerako programak.
Kontuan hartzekoa da, halaber, gaur egun AEBetako interes-tasa %0 eta %0,25 artean dagoela, Japonian ere %0 inguruan, Eurogunean %1ekoa da interes-tasa eta Britainia Handian %0,5ekoa.
Ahultasun handia
Ostiralean, Finantza Egonkortasunerako Batzordeko (FSB) kideek bilera egin zuten Basilean. FSBko kide dira G-20ko estatu kideak, baita Estatu espainiarra, Suitza, Holanda, Hong Kong eta Singapur. Estatu bakoitzeko banku zentralak, ikuskapenerako nahiz finantza erregulaziorako agintariak eta Finantza ministroek dute parte hartze zuzena batzorde honetan.
FSBko lehendakari eta Italiako Banku Zentraleko kide Mario Draghik finantza sektorearen egoera orokorrak hobera egin duela adierazi zuen, baina, hala ere, egoera ez dela merkatuek uste duten bezain ona ohartarazi zuen. Are gehiago, finantza sistemak «hauskortasun» handia duela esan zuen.
Behar «izugarriak»
Draghik azaldu zuenez, finantza sistemaren ahuleziaren oinarria egoera suspertzeko batez ere moneta-pizgarri nahiz pizgarri fiskal inplementatuak erabili izana da. Era berean, banku sistemak nahiz enpresek hurrengo bi edo hiru urtetan izango dituzten birfinantziazio behar «izugarriek» ere ahuldadea areagotzen dutela esan zuen.
Azkenik, datozen urteetan Gobernuek izango dituzten finantza-beharrek eta merkatuen arriskuak ulertzeko moduan izandako aldaketek egoera hau indartu baino ez dutela egiten nabarmendu zuen.
G-20koek jada FSBri eskatu diote gaur egungo arrisku makroekonomiko eta finantzarioak mundu mailan azter ditzan. Arriskuak aztertzearekin batera horiei aurre egiteko erregulazio eta ikuskapen gaien inguruko neurriak har ditzan ere galdegin diote.
Eskaera horri erantzunez, FSBk finantza-erregulazioa egiten denean sortzen diren desberdintasunen inguruko txostena aurkeztu du. Finantza-sistemaren erregulazioa indartzeko egin behar diren aldaketak ere zerrendatu ditu txoste- nean Finantza Egonkortasunerako Batzordeak.
Estatu kideak «zigortu»
Bestalde, Alemaniako Ekonomia ministro Rainer Brüderlek Europar Batasuneko txandakako presidentetza espainolak egin berri duen proposamenaren aurka dagoela adierazi zuen atzo, hain zuzen, hazkunde ekonomikorako ezartzen diren helburuak betetzen ez dituzten estatu kideak «zigortzea» proposatu du presidentetza berriak.
Proposamenak «ez du zentzurik», esan zuen Brüderlek. Ekonomia ministroak ohar baten bidez adierazi zuenez, «Lisboako gaur egungo estrategia zigorrik gabeko izaera laguntzailean oinarritzen da eta hala izaten jarraitu beharko luke».
Txandakako presidentetza espainolak estrategia ekonomiko berria proposatu du eta datorren otsailaren 11n aztertuko dute Bruselan. Proposamenak 27 Gobernuek egitasmo ekonomiko berriak ezartzen dituen helburuak bete ezean, hainbat «neurri zuzentzaile» jasotzen ditu. Brüderlek Europar Batzordearen eskuduntzak Lisboako Hitzarmenaren araudiari begiratu behar diola defendatu zuen eta Europar Batasuna estutu zuen Europako merkatu bateratua sustatu dezan.
FSBko lehendakariak finantza sektorearen egoerak hobera egin duela adierazi zuen, baina egoera ez dela merkatuek adierazi duten bezain ona ohartarazi zuen. Sistemak «hauskortasun» handia duela esan zuen.