«Indarra zein leherketa blokean sentitzea; horixe da ederrena»
Eskalatzailea
Azken urteotan 24 urteko azpeitiarrak erakutsi du emakumezko blokezaleen artean badela oraindik pozteko motiborik. Oasi horren alde baikorra azaldu digu; beti ere, eskalatzailearen zutabe grinatsuak oso norabide egokia hartu duelako. Euskal espezialisten artean ohorezko tokia egin du. 7c-ra iritsi da arrokan, eta lehiaketetan, joan den abenduan Euskal Herriko txapela eskuratu zuen.
Andoni ARABAOLAZA
Azpeitiko txita bihurriak ez die aginduei men egiten. Norabidea aldatu, kideei agur esan eta herriko oilarrekin bat egin nahiago du. Eroso sentitzen da, baina, behar denean, oilarrei atzapar zorrotzak erakusten badaki. Badaki bloke gogorrei hortzak nola erakutsi behar zaizkien ere. Eta, jakina, lehietan ere korapiloak birrintzeko prest agertzen da. Gustura dago mugimendu indartsuekin, pauso gogor horrek eskatzen duen keinuketarekin, leherketarekin... Blokean ondo baino hobeto estutzeko ezaugarri bikainak dituen arren, giltza ezkutu bat du. Indarra baino askoz ere boteretsuagoa da: irribarrea eta alaitasuna.
Zu ere Azpeitiko harrobian eskalatzen hasi zinela esaten badidazu, bada, akabo! Mesedez, bestelako zerbait esan.
(Kar, kar). Bada, sentitzen dut, baina nire hastapenak hantxe egin nituen; anaiarekin hain justu. 15-16 urte nituenean, berriz, Gorka Karapetorekin joaten nintzen. Emozionatuta oso. Gero, neure kasa hasi nintzen; koadrilarekin soka eta materiala hartu eta inguruko eskolak bisitatzen hasi nintzen.
Kirol eskalada eta blokea uztartzen dituzu. Baina nola definitzen du Leirek bere burua?
Egia esaten badizut, ez dut inoiz hori aztertu. Eskalada gustuko dut. Hori bai, azkenaldion blokeak gehiago tiratzen dit. Ziur aski inguruan oso leku aproposa dugulako edo agian ondoan izaten dudan jendeagatik. Zer edo zer esateagatik, neure burua eskalatzailetzat hartzen dut, eta ez espezialitate bakar bateko eskalatzailetzat.
Erantzun horren harira, zer dauka kirol eskaladak blokeak ez duena? Edo, alderantziz.
Biak ala biak osagarriak dira. Hots, batak besteari laguntzen dio. Blokeak, adibidez, indar puntu hori dauka kirol eskaladan erabilgarria dena. Eta kirol eskaladak erresistentzia du, horri esker blokeak behin eta berriz probatzeko aukera ematen dizu.
Ezberdin bizi ditut. Kirol eskaladan zailtasun gogorra duen bide batean blokeatu egiten naiz. Beldurtia naiz. Blokeak, aldiz, erraztasun gehiago eskaintzen dit. Dibertigarria da blokea, beldur gutxiagorekin eskalatzen dut; finean, jolasa da. Kirol eskaladan «serioago» jarduten dut, beste zentzu batekin. Errespetu handiagoa diot.
Soka gerrira lotzen duzunean, zer-nolako bideen bila zoaz?
Inolako zalantzarik gabe, erregeletez lepo dauden bideetara. Erregeleta txikiak eta garbiak, hortzak topera estutzera behartzen zaituztenak. Erregeleta bat, beste bat... Horiek maite ditut. Eta horretarako Etxauri oso eskola aproposa da; aproposena gehituko nuke.
Oro har eskalatzailea zarela diozu. Nik, haatik, Leire blokezale gisa aurkeztuko nuke. Boulderra egiteko oso ezaugarri bikainak dituzu. Eta horien artean bat nabarmenduko nuke: hatzetan duzun indarra. Ados al zaude nik eginiko aurkezpen txiki horrekin?
Beno, bai, arrazoi duzu. Nik neuk ere ikusten dut ezaugarri onak ditudala. Oso ondo moldatzen naiz blokean. Azkenaldian batzuk-batzuk zure iritziarekin bat egiten dute: «Begira, hor doa gure blokeroa». Bai, arestian esan dizudan bezala, kirol eskaladan baino hobeto moldatzen naiz blokean. Horretaz gain, isilean esango dizut, %100 egoskorra naiz.
Zure hatzetako indarra dela eta, txoritxo batek esan dit haserretzen zarenean eta zure hatzak mutilen lepora eramaten dituzunean kikildu egiten direla!
(Barrez lehertzen). Bai, bai, erabat ikaratzen ditut.
Badakit zer erantzungo didazun. Bloke «erregeleteroak» atsegin dituzula.
Zuk zeuk esan duzu dena. Hatzetan indarra dudanez, pauso edo mugimendu labur horietan dena ematen eta erabat estutzen saiatzen naiz. Eta plaka batean erregeleta txiki-txikiak aurkitzen baditut, orduan demasa da.
Eroria duten blokeetan ere gustura jarduten dut. Ederrena da mugimenduak ikustea, orpoak non jar daitezkeen aztertzea, mugimendu politak aurkitzea...
Zaila da blokeko alderdi ezberdinetan zuk bezalako ezaugarriak dituzten neska ugari ikustea. Kirol eskaladarekin alderatuta, uste dut blokean, eta batez ere zailtasun gogorrenean, oso emakumezko gutxi zaudetela. Ziur aski izango da normalean blokeak oso fisikoak direlako eta indarra eskatzen dutelako. Zein da zure azterketa?
Neskak han eta hemen ikus daitezke. Hori bai, egia da graduan oso gutxi garela. Agian, izan daiteke blokea denbora-pasa gisa hartzen dutelako. Bederen, serio hartuta ez dira asko ikusten.
Lehiaketetan, aldiz, aurten erabat harrituta geratu nintzen BEC-eko lehiaketarekin. 15-17 neskek hartu genuen parte, eta horrek izugarrizko poza eman zidan. Saltsa handia egon zen, eta oso ondo pasa genuen.
Eta gezurra badirudi ere, hilabete eta erdira, Euskal Herriko Txapelketan soilik bi parte-hartzaile izan ginen: Itziar Rodriguez eta ni. Ez dakit zer pasa zen. Agian, nire lehiakideak Euskal Herriko Txapelketarekin beldurtu ziren.
Blokezale gehienek zailtasuna bilatzen dute. Zu ere «botere» horren bila al zoaz? Edo mugimendua eta keinuketaren bila gehiago?
Lehenik eta behin, ondo pasatzera noa. Indar edo leherketa hori sentitu nahi dut. Une bizi horiek bete egiten naute. Eta, egia diotsut, ez naiz graduaren atzetik ibiltzen. Jakina, bloke gogor bat probatu eta horretan jarduten dut. Itxura ederra behar du izan; berdin dit, 6b edo 7a bat izatea.
Halere, 7c-ra iritsi zara.
Bai, Getarian izan zen. Gerra asko eman zidan. Tetxoan dago bloke hori, behetik hasi eta eskuinetik ateratzen dena; jakina, erregeleta txiki batzuetatik.
Inor Getariara joaten bada, ziur han aurkitu zaituela blokeatzen.
Ederra da, eta etxe ondoan dut. Bloke asko dago, bainua hartzeko leku aproposa... Getariak joko handia ematen du. Ni azpeitiarra naizenez, ondo-ondoan ditut bloke horiek. Horrela bada, ia ez dut aitzakiarik izaten bloke gogorren bat probatzeko.
Larraonara ere joaten naiz, eta oso ondo pasatzen dut hango blokeetan. Baina, Getarian ez bezala, Larraonara ez naiz joaten helburu zehatz batekin. Hots, Larraonara ez noa bloke gogor bat behin eta berriz probatzera. Getaria etxe ondoan dagoenez, aukera hori ematen dit.
Jaizkibel ere hor dago. Baina, zuk esan duzun bezala, batez ere Getarian ibiltzen naiz.
Albarracin, Fontainebleau edo Suitzako alderdiez paso egiten al duzu?
Ez noski. Gabonetako oporretan Fontainebleau-ra joatekoak ginen, baina, eguraldi gaiztoa medio, Albarracin-era abiatu ginen.
Zoritxarrez, han ere oro eguraldi traketsa izan genuen: euria eta euria. Eskerrak Arrasateko beste eskalatzaile batzuk zirela eta ondo pasatu genuela.
Irteera bakoitzean beti 10 mutilekin ikusten zaitugu. Ez al da aspergarria?
(Kar, kar). Oso ondo moldatzen naiz. Mutilek «agintzen » didate blokea nola egin behar den, eta nik neure erara egingo dudala erantzuten diet. Ni ere petrala naiz eta aurre egiten diet. Askotan ze bloke probatu behar dudan negoziatu behar dut. Esaten diet: «Ondo da, bloke hau probatuko dut, baina hurrengoa nik aukeratuko dut».
Baina, txantxak alde batera utzita, mutilekin oso gustura ibiltzen naiz. Asko laguntzen didate eta ikasi egiten dut. Hainbat blokeren emaitza onak haiei zor dizkiet.
Argi eta garbi ikusten da arrokan ondo baino hobeto zabiltzala. Eta lehiaketetan ere ez zara atzean geratzen. Iazko urtea, adibidez, biribila izan zenuen, BEC-en zein Euskal Herriko Txapelketan gailendu baitzinen.
BEC-ekoa ezustekoa izan zen. Lagunekin joan eta lasai lehiatu nintzen. Gozatu nuen; gainera, 15 bat neska geunden.
Euskal Herrikoan, berriz, urduri nengoen. Aurrekoa irabazi ondoren, neure buruari nolabaiteko presioa jarri nion. Jakin banekien txapela irabazteko aukerak nituela. Oso bloke onak prestatu zituzten. Urduri nengoen, baina, era berean, oso gustura eskalatu nuen. Pena bakarra soilik bi neskek hartu genuela parte. Alabaina, oso pozik nago lehen aldiz txapel hori jantzi dudalako.
Badirudi, azken lehietan blokeen prestatzaileak fin dabiltzala neskekin.
Bai, hala da. Aipatu ditugun bi lehia horietan oso bloke onak jarri zituzten; emakumezkoen ezaugarrietarako oso egokiak.
Proba batean zein bestean ekipatzaileek asmatu zuten. Ez zituzten bloke luzeak jarri, hots, mutilei jartzen dizkieten horietakoak. Bloke guztiak egiteko modukoak ziren. BEC-ekoak Euskal Herriko Txapelketakoak baino zailagoak ziren, baina, esan dudan bezala, oro har, onak ziren.
2010. urtean sartu berri gara. Helburu zehatzik jarri al diozu zeure buruari? Edo, beti bezala, zeure filosofiarekin jarraituko duzu?
Beti bezala jarduteko asmoa dut. Neure lema indarrean mantenduko dut: «eskalatu eta eskalatu». Horrekin pozik bizi naiz. Eta, jakina, ondo pasa. Soilik erronka bat dut: ea sokarekin askatzen naizen.