Kronika | Etxerat-en bertso saioa Oiartzunen
Pilotalekua bete elkartasun eta irri, urrun diren guztientzat
Bertsoak aitzakia eta bitarteko, espetxeetan edota erbestean daudenei elkartasuna adierazteko. Bederatzi bertsolari, hitza eta umorea bidea, konpromisoaren pisu eta indarra agerian jarriz. oholtzapean pilotalekua bete jende, eguraldiak hoztutakoa txaloekin epeltzen.
Maider EIZMENDI
Ez zen giro kanpoan, ezta barruan ere, hasieran behintzat, baina irri, elkartasun keinu eta txaloek Elorsoro pilotalekuko giroa epeltzea lortu zuten saioaren amaierarako. Askorentzat urteroko zita da Etxeratek antolatzen duen bertso saioa elkartasun keinu gisa bakarrik. Oholtza gainean, ordea, Euskal Herriko txapelketako finalean nor baino nor aritutakoak jarri zitzaizkien, herritarra den Jon Martinekin batera.
Agurretan, pilotalekuan ez, kanpoan zegoen hotzean eta batez ere etxetik urruneko espetxeetan zein erbestean jarri zituzten burua eta gogoa bertsolariek eta, Unai Iturriagak berak ondo esan zuen moduan, «errealitate hotz bat berotu nahi izan zuten bertsoz eta txaloz».
Sustrai Colinak estreinatu berri den urtearen hasierak ekarritakoak aipatu nahi izan zituen: «Nahiz eta ametsen ezkaratzean izan leiken urtarrila/ hamargarrenak ez al du hartu beatziaren karrila/ Portugaletik Frantziaraino nun nahi Guardia Zibila/ Leitzan afari bat legez kanpo, Artzai Onean Munilla/Ta gu elurrak estali ez duen elkartasunaren bila» bota zuen agurrean.
Itxaropentsu heldu zion agurrari berriz Maialen Lujanbiok: «Lehengo urtean ere hemen ginen, aurten urte bat gehi hogei/ arazo batek izan ditzake bi ikuspuntu bi idei/ nahiz ta ez daudenei kantatzeko buruak egiten du dei/ez bihotzak dio kantatzeko laister egongo direnei».
Unai Iturriagak, Amets Artzallusek eta Andoni Egañak sinpleenak diren kontuak konplikatzeko joeran jarri ostean, Unai Elizasu gai jartzaileak Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina deitu zituen eta honako gaia bota zien: «Zuen zortzi urteko semeak ikastolako lanak ekarri ditu eta begira jarri zarete. Irakasleak galdera bat egin die guztiei `zer izan nahi duzue handitan' eta zuen haurrak hala erantzun du: `abokatu, preso guztiak etxera ekartzeko'. Bertso ederrak josi zituzten biek: «Galdera zorrotz batez, klasean atake/ erantzuna pentsatzen zu gogoz jo ta ke/ amets egizu hola, segi hortan maite/ nahiz ta gero ez iritsi nahiz ez lortu bate/ ametsik ez eitea grabego litzake», hasi zuen Maialenek. Oraingoan Colinak bota zuen itxaropen mezua «koskortzen zarenean, gorputz eta zango/ dagoeneko ez da presorik izango», erantzunez.
Aitor Mendiluze eta Jon Martin aritu ziren ondoren «metafora» gaitzat hartuta eta Martinek bere lehen bertsoan honakoa bota zuen: «Askatasuna nahi duen hura, beti txorien moduko/ ta esan ziguten txori guztiak ditugu atxilotuko/ gero zuhaitzak ez dituzue txori gehio babestuko/ baina zerua ez dute inoiz kartzela baten sartuko».
Gai hunkigarri eta sakonak landuta, umoreari heltzeko proposamena egin zien Elizasuk bertsolariei: «Larrialdi zerbitzuan lanean Gabon hauetan dei asko jaso duzu, baina erabaki duzu horietako zortziri, atzeko hauenei, ez kasurik egitea zuretzako ez zelako nahikoa larrialdi», proposatu zion gaia Lujanbiori. Guztiak ere umorez josiak baziren, apartekoa Iturriagari botatakoa: «Ai nik ibili behar nuena parranda, buelta ta trago/ 112 omen den ofizina txiki hontako esklabo/ Urtezaharretan goizeko lautan Unairen dei bat akabo/ S.O.S S.O.S tabakorik gabe nago», bota zion Elensoron batutakoen algara eraginez. Iturriagak ere fin erantzun zion ordea: «Bai lauak arte hor ibili naiz edaten ta erretzen pozik/ baina ez dago jada estankorik ez daude ta goizean goizik/ ta atzazkalak jateko ere jada ez zait geratzen hortzik/ hori ez bada emergentzi bat zuk ez daukazu bihotzik». Jon Maiari berriz honakoa kantatu zion: «Hurrengo dei ta bapatean romantizismo enbata/ gure Jon Maia ezagutu det, bere ahots hain aparta/ seduzitu du neska bat eta ezetz esan dio zarta/ anbulantzi bat behar omen du mareatzen ari da ta». Honek ordea, anbulantzia ez, «sirena» falta zitzaiola erantzun zion.
Trakets jarduteko eskatu zien ondoren Egaña eta Iturriagari, helburua txapelketako epaimahaiak zero puntu ematea zuten. Ikusleak barrez eta eurak ere barreari eutsi ezinda josi zituzten bertsoak, potoak, errima galdu eta funtsik gabeko esaldiak barra-barra tartekatuta. Bigarrenean hala bota zuen Egañak: «Gabonetako jakiak dira turroia eta konpota/ nere gustoko autoak beti `seata' eta `talbota'/ negarrik ez det aipatuko ta zuk e lasai guztia bota/ eta erreixu zigarrotxo bat gaizki ikusia dago ta».
Mendizule eta Artzallus botila bati kantuan jarri zituzten ondoren. Hendaiarrak honela eutsi zion gaiari: «Kriseilu bat ez al da guk harturikoa/ barruan dauka sua mehar ta tinkoa/ mina humanoa da ez zinikoa/eta ezta ezkutatu behar gure zimikoa/ hau da gure malkoen itsulapikoa».
Bertsozaleek bertso saioetan, larrutan aritzean edota parrandan egin behar ez direnak ahotan hartuta kantuan, edota Amets «enpolloiari» erantzun zaileko galderak botata nahikoa algara eta barre egin zuten Elensorora bertaratutako bertsozaleek, bai eta Jon Maia eta Sustrai Colina puntuka telefonoa eskegi ezin duten bi maitaleren tokian ikusita ere. Izan ere, amaierako agurrean Aitor Sarriegik kantatu zuen moduan, «gaur biharretan saituz gero nork geratuko gaitu gu/ minetik ere indarra sortzen ikasi baldin badugu».