Sokatira | Euskal Herriko Zortziko Txapelketa
Abadiñok hasieratik utzi du garbi zeinek aginduko duen
Bizkaitarrak jaun eta jabe izan ziren 680 kiloko lehen eta azken jardunaldian, eta urteko aurreneko txapela bereganatu ahal izan zuten. Dena dela, garbi ikusi zen herenegungoa ez dela azkena izango.
Jon LEUNDA
Abadiñok hasieratik garbi utzi nahi izan du aurtengoan ere zein den gizonezkoetan nagusi, eta denboraldiko lehen saioan estreinako txapela lortu zuen. 680 kilotan neurtu ziren Abadiñon bertan, eta hiru talde besterik ez zirenez, saio bakar batera jokatzea erabaki zen, eta garaipenak ez zien etxekoei ihesik egin.
Lehen saio honetan ez zen inongo ezusterik egon. Sailkapena ere aurretik iragar zitekeen modukoa izan zen. Dena aurrez pentsatu bezala joan zen, eta garbi geratu zen aurtengoan ere ezusteak egotea ez dela batere erraza izango.
Abadiñok probako saio guztiak bereganatu zituen. Bai Auzolan bai Amaiur mendean hartu zituen, eta aparteko zailtasunik gabe bereganatu zuen lehen txapela.
Bigarren posturako ere ez zen izan inongo ezusterik. Etxekoek bi saio irabazita, Auzolanen eta Amaiurren artean erabaki behar zuten zilarrezko domina, eta hemen nafarrak aise gailendu ziren. Lehen tiraldia erraz eraman zuten, eta bigarrenean arazo gehiago izan bazituen ere, emoziodun tiraldi ia bakarrean, hemen ere mendean hartu zuen talde gipuzkoarra, eta bigarren postua Nafarroa aldera joan zen. Hauek ere ez zuten ezusterako tarterik utzi.
Azken postuan, tiraldi guztiak galduta, geratu zen Auzolan. Astigarragako taldeak pisu honetarako bakarrik eman du izena, eta txapelketa hasi orduko amaitu du denboraldia.
Lehen jardunaldiaren ostean ezin dira ondorio gehiegi atera, baina argiena Abadiñorena da. Bizkaitarrak azken urteetan besteen gainetik agertu dira, eta talde bikaina dutela erakutsi zuten 680koan, nahiz eta aurkari gutxi izan. Amaiurrek, berriz, aukerak izango ditu, batez ere pisu txikietan, berdeak estutzeko. Sailkapena honela geratu zen: txapeldun Abadiño, 3 punturekin; bigarren Amaiur, 2rekin eta azkena Auzolan, 1ekin.
Lehen jardunaldia jokatuta, datorren larunbatean bigarrena izango da, eta berriro ere Abadiñon izango da saioa. Bertan 600 kilokoak eta 540koak neurtuko dira. Lehenengoak mutilak izango dira, eta pisu txikian, berriz, neskak. Hemen talde ugari daude izena emanda, eta hiru jardunalditara jokatuko da.