GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Hatortxurock

Elkartasuna helburu, musika era ugariren nahasketa bilakatu zen Hatortxurock

Gauak luze jo zuen larunbat gauean Hatortxurock jaialdiaren hamaikagarren edizioan. Eguraldi kaskarrari eta hotzari aurre eginez, milaka izan ziren Atarrabia-Burlataraino gerturatu zirenak, eta beste urte batez elkartasun doinuak nagusitu ziren lokatz eta elur-maluta artean.

p048_f02_101x164.jpg

Koldo OTAMENDI

Musika era anitzek bat egin zuten, helburu bakar batekin: euskal preso politikoek jasaten duten egoera salatzea. «Hator, hator neska mutil etxera» leloa inoiz baino ozenago entzun zen larunbat gauean. Guztira zazpi izan ziren taula gainera igo ziren musika bandak, festa eta aldarrikapena goizeko ordu txikiak arte uztartuz.

Bizardunak taldeak ireki zuen jaialdia karpa txikian eta Ken Zazpiren musikarekin egin zuen aurrera gauak. Biek ala biek, bakoitzak bere erara, emanaldi indartsu eta erabatekoak eskaini zituzten, eta atzoko egunkariko kronikan adierazi genuen bezala, giroa ondo berotu zuten bi taldeok.

Gaueko hamarrak aldera jaialdiko une gorenetako bat iritsi zen: Goar Cicatriz egitasmoaren taularatzea. Ika-mika ugari sortu du Goar Iñurreta musikari gasteiztarrak Cicatriz hilobitik ateratzeko erabakiak. Internet sareko foroetan hautsak harrotu ditu «itzulera» honek eta eztabaida kalera iritsi da. Taula gainean ordea, talde indartsua osatu duela onartu behar zaio Goar gitarra-jotzaileari. Itzulerak ez dira beti nahi bezain duinak eta horrelako egoera tarteko, zalantzak ugariak ziren ikusleen artean. Emanaldiaren tarte handi batean argirik gabe jo bazuten ere, erabaki irmoz aritu ziren taldeko kideak, jokoan zer zuten jakitun. Alde horretatik, «Botes de Humo», «La 204», «Aprieta el gatillo» eta berriki sortu eta grabatu duten «Tu eres Cicatriz» jo zituzten; amaitzeko «Lola» ereserkia. Kantu zerrenda horrekin oso zaila da gaizki egitea, eta aurreiritziak alde batera utzita, ikusleriak gozatu egin zuela aitortu behar da.

Ikusleek egurra nahi zuen eta grina hori asetzeko Soziedad Alkoholika igo zen taula gainera. Ekainean Lakuntzan ospatu zen 10. edizioan taldeen artean falta zen izen handietako bat Gasteizko bandarena izan zen. Hamaikagarren honetan ez dute hutsik egin ordea, eta argitaratu berri duten diskoa besapean bero oraindik, emanaldi bikaina eskaini zuten. Zuri bilakatu duten disko beltzaren birgrabazioa albiste izaki, kantu zaharrak izan ziren S.A.-ren kantu zerrendan nagusi: «Nos vimos en Berlin», «Ciencia asesina»... Hauekin batera, azken garaiko abestiak eta ibilbide osoko kantuak erori ziren bata bestearen atzetik.

Gaueko hamabietan ekitaldiaren unea iritsi zen: «Euskal presoak etxera!» oihuen artean oholtzaren albo bakoitzean ezarritako pantailetan dispertsio politikaren eta euskal preso politikoek jasaten duten egoeraren berri zabaldu zen. Txalo zaparrada eta elkartasun garrasiak entzun ziren eta karpa nagusia leporaino betetzen zuten milaka lagunek «Hator, hator neska mutil etxera!» kanta ezaguna abestu zuten ekitaldi xumeari amaiera emanez.

Bideo proiekzioak amaitu eta gero, Def Con Dos agertu zen oihal beltzaren atzean.

Berrikuntzak DCDren talde eran ere. Cesar Strawberry eta Peon Kutz abeslariekin batera taldearen ahots zutabea osatzen zuen Juanito Sangrek taldea utzi eta gero, Marco Masacre mexikarra aurkeztu zuten lehen aldiz Euskal Herrian. Era berean, gitarra-jotzaile berria ere ezagutu genuen. Taldekide aldaketek haize freskoa ekarri diote Madrilgo taldeari, eta taula gainean bikain aritu ziren.«Accion Mutante», «El dia de la bestia», «Panico a una muerte ridicula», eta «Armas pal Pueblo» kantuak jo zituzten besteak beste.

Hurrengo musika taldea ere Madriletik iritsi zen. Boikot taldeak Euskal Herrian zale ugari dituela argi erakutsi zuen gaueko ordu biak gerturatzen ari ziren horretan. Taldearen punk rock doinu borrokalariak gazteak erakartzen ditu gehienbat eta ugariak izan ziren ereserki eta borrokarako deiak. Bideo-pantaila lagun, taldearen kantu ezagun ugari eskaini zituzten, taula gainetik lagun eta abeslari mordoa igaro zirela.

Gaua Obrint Pas taldekoek itxi zuten. Valentziarrena izan zen taula gainera igo zen azken taldea eta beraiek eman zioten luxuzko itxiera hamaikagarren Hatortxuri. Ugariak izan ziren euskaraz esandako esaldi eta leloak eta ugariak ere Hatortxura gerturatu ezin zutenen aldeko aldarriak. Bi kantutan Trikizio taldeko Xabi Arakama izan zuten trikitiarekin lagun eta abiadura bizian jo zituzten kantuak, patxanga eta ska erritmoak nagusitu zirelarik. Zortzikote valentziarra jakitun da Euskal Herriko egoeraz eta Legorretakoak direla ematen du kasik. Ez dago zalantzarik, gutarikoak dira.

Hamaikagarren hau ospatzen den azkena izango den esperantzaz, preso bakar bat giltzapean den bitartean anplifikadoreek pizturik eta bolumen bizian jarraituko dute Hatortxun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo