GARA > Idatzia > Mundua

2020an emakumeak baino 24 milioitik gora gizon gehiago egongo dira Txinan

Txinan 2020. urtean emakumeak baino 24 milioitik gora gizon gehiago egongo dira ikerketa baten arabera. Seme-alaba bakarraren politikaren ondorioetariko bat da desoreka hori. Fetuaren sexuaren araberako abortu selektiboak oso ohikoak direla ohartarazi du txostenak.

GARA

Haur bakarraren politikak desoreka handia sortu du Txinan gizon eta emakumeen artean. 1982an 100 neskako 108 mutil jaiotzen ziren. Egun, 119, Familia-Plangintza Batzordearen arabera. «Mirror» egunkariak eskualde batzuetan 100 neskako 130 mutil jaiotzen direla plazaratu zuen. Normalena, 100 neskako 103-107 mutil jaiotzea izango litzateke. Egoerak egun bezala jarraituz gero, 2020an emakumeak baino 24 milioitik gora gizon gehiago egongo dira Txinan.

Gizarte Zientzien Akademiak aditzera eman duenez, oraindik ere abortu selektiboak oso ohikoak dira, batez ere nekazaritza-inguruetan. Kultura nahiz tradizioari lotutako arrazoiak direla-eta, familiek nahiago dute jaioberria mutila izatea neska baino.

Biztanleriaren zati handi batek ez du erretirorik, ez eta gizarte babesik ere. Hala, zahartzaroan semearekiko menpekotasun handia izan ohi dute; emakumeak, ezkontzean, senarraren familiarekin bizitzera joan ohi dira-eta. «Nekazari adinduenek beraien ondorengoen beharra dute bizirauteko. Horrek arazoa larriagotzen du», azaldu zuen Wang Guangzhou ikerlariak. Aipaturiko Akademian lan egiten du, Lan eta Biztanleria Institutuaren barruan.

Nekazaritza eremuetako kulturaren arabera, gizonak bere familiaren ardura hartu behar du. Emakumeak, berriz, senarraren familiarena.

Horrez gain, umekiak zein sexu duen jakiteko tekniken erabilerak desoreka areagotu du. Medikuek fetuaren sexua zein den esatea debekatuta duten arren, bikote askok neska dela jakitean nahiago dute umea galdu, hurrengo saiakera batean mutila izateko. Beste askok neskatoa umezurtz-etxe batean uzten dute. Txinako Gobernuak seme-alaba bakarra izatea ahalbidetzen du, salbuespen batzuk salbu. Demografia hazkundea kontrolpean izateko hartu zuen erabakia, 1.300 milioi txinatar baitira. Gobernuak berandu ezkontzea gomendatzen du. Datu ofizialak oinarri hartuta, 1970eko hamarkada amaieran politika hori abiarazi zuenetik 400 milioi jaiotza ekidin ditu.

Aitzitik, gizartearen garapenerako ondorio larriak izan ditzake epe ertainera. «Eremu behartsuenetan bizi diren gizonak nahi baino beranduago ezkontzea edo ezkongabe gelditzea ekarriko du. 40 urte baino gehiago baditu, nekez ezkonduko da», ohartarazi zuen Wang Yuesheng adituak.

Halaber, bikotea osatzen dutenen adin aldeak gora egingo du.

Emakume faltak, prostituzioa eta emakume-trafikoa indartu ditu. Hainbat kasutan, beraiek hautatu ez duten gizonarekin ezkontzera behartzen dituzte.

ondorioak

Zenbait eskualdetan emaztegaia aurkitzeko zailtasuna dela-eta, Txinaren mugakide diren herrialdeetara jotzen dute emazte bila. Emakume-trafikoa eta bahiketak ere salatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo