Dionisio Amundarain Idazlea
«Oderint Dum Metuant» (gorrota nazatela nire beldur izatekotan)
Ez naiz pertsona egokia horrelako gizon baten argazki psikologikoa egiteko. Baina, Kaligularen antzera, zorotik askotxo ez ote duen nago. Kargu horretaratuko duten Madrilgo eta besteetako batzuek bezala
Kaligula enperadore erromatarraren (37-41) hitzak dira. Sadikoa, jendearengan izua sortzeaz harrotzeraino, eta, zoroa, bere zaldia kontsul izendatzeraino. Eta, jakina, jendearen atxikimenduaren ordez gorrotoa eragin zuen. Eta hala egin zuen enperadore harenak berak uste baino lehen. Hitz horiek erabili ditut buruan aspaldi honetan, Munilla Donostiara gotzain datorrela jakin eta ziurtatzearekin.
Gauza jakinak dira, baina hona hainbat datu:
1.- Bi mila (2.000) kristauk eta gehiagok sinatua dute Munilla Donostiako gotzain izatearen kontra, ez Munillaren kontra.
2.- Ehun eta hogeita hamaika (131) apaiz kargudunek sinatu dute Munilla Donostiako gotzain izatearen kontra, ez Munillaren kontra. Kopuru koxkorra idatzi batek baino gehiagok dioenez. Adibidez, 607 apaiz omen dira Gipuzkoan. Baina ez dute esan sinadura apaiz kargudunei bakarrik eskatu zaiela. Gauzak bere onetik ateratzen hasten direnean, lotsarik gabe mintzo ohi dira asko eta asko.
3.- Daturik lotsagarriena. Munillak, Palentziara gotzain joan zenean, ahazturik utzi zuen Zumarrago ordenagailuan karpeta bat. Karpetaren izena: «MAFIA». Ba ote daki zenbait jendek zer esan nahi duen «mafia» hitz horrek? Hona nola definitzen duen I. Sarasolak bere hiztegian: «Ezkutuko gaizkile organizazioa». Ba, Munillak izen horren pean emanik zituen Gipuzkoako hainbat eta hainbat apaiz; ez naiz sartuko apaizetako bakoitzari zer leporatzen zion esaten. Baina «mafia» izenpean sartzea bera aski larria da. Larria baino larriagoa.
4.- Apaiz ikasketak egiteko, Munillak gutxitzat eman zuen Donostiako Seminarioa, eta Toledokora joan zen. Han ikasketak bukatu ondoren, Donostiako elizbarrutian apaiztea eskatu. Eta Setien gotzainak onartu. Hainbat eta hainbat dokumentutan, tartean nire honetan, agertu den Munillaren jarrera eta izaera eta Zumarragan agertu zuen jokabidea ikusirik, galdera datorkit burura: ez ote zegoen apaiztea eskatu zuenean Munilla nolako gizon-klasea den aurreikusterik?
5.- Zumarragan hainbat urte, lehenik apaiz laguntzaile eta gero erretore, egin zuenean, muzin egin zion elizbarrutiko jokabideari. Ez ote lotsagarria horrelako bat gotzain egin izana? Ez ote mila bider lotsagarriagoa horrelako gotzain bat lehen mespretxatu zuen elizbarrutira ekartzea?
Datu horiek buruan, jira asko eman diot lerro-buruko esaerari: Oderint Dum Metuant (gorrota nazatela beldurra badidate). Horra. Burua sano samar lukeen bati, aurretiazko horiek guztiak kontuan izanik, elizbarruti batera gotzain joan baino lehen, bere burua lur azpian ezkutatzeko gogoa etorriko litzaioke kaskora. Ba ez. «Ni hemen nago. Hemen nauzu». Horra bere burua munduko gorabehera guztien gain ikusten duen gizona. Boterea. Indarra. Beldurra. «Neure alde ditut boteredunak». Ez dakit zaldi bat «kontsul» izendatzera iritsiko den. Baina funtsean, boterearen botereaz, edozer gauza egiteko gai delako susmoa dut.
Badakit «martirio servicial» ere aipatu izan dela; ez dakit Munillak berak ala beste norbaitek. Martiri izateko prest legokeela, alegia. A zer zorakeria. Martiria norberaren krudeltasunagatik sufrimendua edo hilketa jasatea balitz bezala, eta ez besteei eskainitako doako zerbitzu xaloagatik eta apalagatik.
A, eta aurreiritzirik gabe etorri omen da Donostiara. Gure aingerutxoa! Dena ahazturik! Eta besteek berekiko dituzten aurreiritziak eta arrazoiak? Besteak hatza miazten ari bailiran! Ez naiz pertsona egokia horrelako gizon baten argazki psikologikoa egiteko. Baina, Kaligularen antzera, zorotik askotxo ez ote duen nago. Kargu horretaratuko duten Madrileko eta besteetako batzuek bezala.
Penagarria! Gipuzkoako elizbarrutiak beste izaera bateko norbaiten premia zuen. Bertako bat, bertan ari den norbait gogotik ikusiko nukeen Uriarteren ondoko gotzain. Beste noizbait beharko. Agian, luze baino lehenago Munillak dimititu beharra ikusiko duenean. Erabat zoroa ez bada behintzat.