GARA > Idatzia > Kultura

«Hernani bertsotan»; herri baten historia «txirritatik hasi eta Maialeneraino»

«Bertsoaren kabi» deitu izan diote askok Gipuzkoako Hernani herriari. Bertan eta inguruetako herrietan izandako bertso mugimendua bilduko dute orain bi DVD, liburu, webgune eta material didaktikoz osatutako «Hernani bertsotan» proiektuan.

p043_f01_140x96.jpg

Ane ARRUTI

Txirritak, Jose Manuel Lujanbiok, 1936an jantzi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela. Maialen Lujanbiok, berriz, 2009an lortu du berea. Abizenaz gain, badute, ordea, bi bertsolariek beste zerbait komunean: Hernani dute jaioterri. Bi bertsolari handi, bi txapeldun, biak hernaniarrak, kasualitatea?

«Hemen betidanik egon da bertsotarako afizioa eta zaharrenei entzunda, bagenekien Hernani eta ingurua nolabait ere `bertsoaren kabi' jotzen zela», dio Eñaut Agirre Iraulio Panttalone bertso-eskolako kideak. «Horregatik ikusten genuen ez dela kasualitatea hemen eta inguruan bertsolari on asko izatea; Txirrita, Xenpelar, Bilintx, Paulo Ttikiya... Horiek ez dira ezerezetik sortzen. Azkenean, bazegoen bertso giro bat eta hortik sortutako bertsolariak dira».

Herriaren historia hori guztia galdu ez dadin, martxan da jada «Hernani bertsotan» egitasmoa. «Horren testigantza nolabait galtzen ari ginen, eta beharra ikusten genuen geneukan altxorra lehenbailehen biltzeko. Zaharrenei elkarrizketak egitea pentsatu genuen horretarako», azaldu zuen Agirrek.

Horretarako, azken bi urteetan, berrogei elkarrizketa inguru egin dituzte eta bertsolaritzak herrian izandako lekua lau produktutan islatuko dute urte amaierarako. Batetik, otsailean aurkeztuko dituzte bi DVD. Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre arduratu dira lan horretaz. Lehenengoa, kronologikoki dago landua, bertsolaritzaren bilakaera lantzen da, hasi Txirritaren garaitik eta Maialenen txapeleraino. Horretarako, Paulo Ttikiya zenari hil aurretik egindako elkarrizketa hartzen du abiapuntutzat: «Paulok eramaten gaitu Txirritaren garairaino. Berarekin kantatu izan baitzuen. Gero, Pauloren anaia Antonio Zubiarraini ere egin genion elkarrizketa. Garai hartako giroa zein zen argitu digu», dio Eñaut Agirrek. «Gerra aurreko giroa biltzen du, baita gerra ostekoa ere, bertso-eskola sortu artekoa. Gerra garaian oso hila egon zen, baina baziren foku batzuk: Ereñozu ingurua, mantendutako zenbait saio...». Bigarrenean, berriz, elkarrizketatuak izango dira ardatz.

Proiektuaren bigarren zutabea liburua izango da. Estitxu Eizagirre ari da horretan lanean eta DVD-ko elkarrizketez gain, artxibo lan sakonak osatuko du edukia. Eta, DVD eta liburuari laguntzeko, beste bi produktu aurkeztuko dituzte aurrerago: webgunea eta ikastetxeetarako materiala. «Sortutako material guztia bertsozale orokorrarentzat litzateke, baina gazteentzat edo umeentzat zerbait egin nahi genuen. Buruntza aldean dabiltzan irakasleek erabiltzeko materiala sortuko da. Bestalde, material pila bat geldituko da argitaratuko ez dena. Elkarrizketak bere horretan, web orrian egongo dira eskuragai. Liburuko edukiak ere sartuko dira, eta pixkanaka bertso-eskolako orri bihurtzen joango da». Webgunearen ardura Irazuk hartu du eta Aitor Mendiluzek, berriz, unitate didaktikoena.

Bertso-eskolaren garrantzia

Euskal Herriko txoko askotan bezala, 1980-1981 inguruan hasi ziren Hernanin ere bertso-eskolaren inguruko lehenengo mugimenduak. Juanjo Uria alkate zelarik, Xabier Amurizak ordura arteko bertsolaritzari buruzko ikuspuntua erabat aldatuko zuen zenbait hitzaldi eman zituen udaletxean. Bertsotan ikasi egin zitekeela zioen bizkaitarrak. Hortik etorri zen herriko lehenengo bertso-eskola, asteartetako kanturako bilera izaten hasi -nahiz eta orain ostegunetan biltzen diren- eta gerora Iraulio Panttalone izena hartuko zuena.

Urte gutxitara sortu ziren, bestalde, Urumea eta Langile ikastoletako bertso-eskola banak. Urumean, Joxemari Gabiria izan zen lehenengo irakaslea eta Langilen, berriz, Juanjo Uria. Lauzpabost urteren buruan, bi bertso-eskolak batu eta Biteri kultur etxean egin zituen lehenengo pausoak herriko bertso-eskolak. 1996an hartu zuen Paulo Ttikiya izena. «Ikastoletako bertso-eskola horietako produktu gara orain Iraulio Panttalonen biltzen garen beteranoenak», dio Agirrek. «Hortik atera dira: Maialen Lujanbio, Iñaki Zelaia, Joxe Luis Urdangarin, Jon Eizmendi, Pablo Joxe Aristorena, Unai Agirre, Gorka Tolosa... Eskola funtzioa ikastoletakoek bete zuten eta bestea gehiago izan da elkartu eta kantatzeko leku bat».

Hernaniarrentzat bakarrik ez, bertsozale guztientzat interesgarri izango den material honen guztiaren lehen zertzeladak ezagutzeko aukera, beraz, otsailetik aurrera izango dugu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo