GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Itxuraz parte hartzailea, finean inposaketa

Honela laburbil daiteke Ipar Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenaren ibilbide berria zehazteko frantziar Administrazioa izaten ari den jokabidea. Nabarmenago oraindik Bidasoatik hegoaldera espainiar Gobernua izaten ari denarekin konparatuz gero. Izan ere, AHTrako balizko bi ibilbideetako bat hautatu behar zuen RFF tren konpainiak eta azkenean mendebaldeko ibilbidea hobetsi du, atzo egindako bilera baten ostean jakinarazi zuenez. Nolanahi ere, AHTren aurkako herri mugimenduak azaldu duenez, erabakia zein izango zen asteburuan jakin zuten beraiek, teorian erabakia hartzeko bilera hori egin baino lehen, alegia, eta hala jakinarazi zuten larunbatean bertan. Ondorioz, AHTren beharra aztertzeko nahiz honen ezaugarriak erabakitzeko egindako parte-hartze prozesua soilik itxurazkoa dela salatu du CADEk.

Esan bezala, administrazioaren jokabidea desberdina izan da Bidasoaren alde batean eta bestean. Hego Euskal Herrian hasieratik opakutasun informatiboa eta inposaketa izan dira nagusi. Erabakiak hartuak zeuden publiko egin direnerako. Areago, erabaki asko eta asko ez dira oraino publiko egin. Herritarren parte-hartzea ez da ezta hipotesi gisa ere planteatu hemen. Ipar Euskal Herrian, ordea, parte-hartzea eta gardentasuna lehenetsi dira, teorian behintzat. Baina parte-hartzearen emaitza estatuaren eta garraio eta eraikuntza enpresen interesen aurkakoa zela ikusi bezain laster, gardentasuna itxurakeria bihurtu da. Egia da, presio sozialari esker AHT, behinik behin, Larrun bezalako naturgune garrantzitsu batetik aldendu dela, oraingoz. Baina argi dago herritarren iritzia «aholku» gisa hartzen dela, besterik ez.

Bitartean, herri mugimenduek frogatu dute proiektu hauek ez direla ez beharrezkoak, ezta bideragarriak ere. Hilaren 23an hauxe salatuko dute Hendaia eta Irun lotuko dituen manifestazioan. Horrela, Euskal Herria txikitzeko agintariek lortzen ez duten adostasun teknikoa euskal herriak salbatzeko indar herrikoi bihurtuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo