Gari Mujika Kazetaria
Asteroko bidaiak
Egunerokotasuneko zurrunbilotik ihesi, herri honetan zazpi egunen bueltan gertatzen direnak benetan latzak dira. Nahiz eta gertatu ez diren sentsazioa ezarri nahi izaten den. Larunbat batean, berrogeita hamalau mila herritarrek euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko exijitu eta, astebeteren jiran, Bilbon berretsitako konpromisoak gogora ekarri dira, egoera politikoak eraginda. Juanjo Rego Vidal, berriro ere, hil ala biziko noriara eraman dute. Eta begi-bistakoa da espetxe politika den xantaia makina beltz hori gidatzen dutenen borondatea zein den. Baina 750 lagunetik gora dira. Borrokaldiari ekin diote gainera. Hitza hartu dute, entzungor eta aho zabal gehiegi dauden eztabaida politikoan.
Euskal herritarron zorigaiztoko patua Basagoitiren gisako pertsonaiekin bat doala gogoraraztea ere ez da makala. Bere tankerakoei «agintari politiko» deitzea bezala. Baina horrek ez du ez Auzitegi Nazionalerako bidaia egingo euskal herritarren heriotza desiratzeagatik. Ziur aski bai, ordea, Donostiara, Espainia aldetik ekarri eta etorri den gotzainaren bendizioa jasotzera. Harritzekoa izango da, baina gurean gatazka politikorik ez izateko, luze iristen dira bere agerpen eta ondorioak.
Bidaia inposatuetan baina, hamarkadetan gorde daitezkeen irakaspenek ez dute askorako balio, beti gehiagora baitoa. Madrila joan-etorrian ibiltzea lortu zuten; orain, ordea, inkomunikazioaren bidaia iluna. Lizartzan azken urteotan bizi denaren itzalpean. Baina gauzak zer diren, egoera gogorrenetan gauza batzuk inoiz baino argiago ikusten dira, torturaren mamua nola uxa bezala. Atxiloketak Zamoran gertatuz gero, gutxienez bost eguneko bidaia izango zuten esperoan, baina Portugalen egun baten bueltan izan dute epailea aurrez aurre bi euskal militanteek. Euskal Herritik epaile espainolen egoitzarako distantziak, «ahaztu ezinezko» bost eguneko bidaia erabili izan ohi du neurri estandarizatu gisa euskaldunentzat.
Agerikoa da herri honen bidaia zangopilatzeko bide, eskumen eta tresnak soberan dituztela estatuek, indarrez egunero izaten dira adibideak betidanik, baina bidaiariek aukeratzen dute, nahi ala ez, norabidea eta helmuga. Errealitatea, finean, ez baita bidaian joaten Euskal Herritik.