Analisia | Erreferenduma Guayanan eta Martinikan
Aldaketa eta eboluzioaren arteko lehian bigarrena garaile, edo...
Martinikako eta Guyanako herritarrek autonomia eskuratzeari muzin egin diote? Antilletako herri matxinadari aurre egiteko Nicolas Sarkozyk bultzatu zuen herri-galdeketak utzi duen emaitzak zenbakietatik haratago irakurketa zabalagoa egiteko parada eskaintzen du.
Maite Ubiria Kazetaria
Guyanan eta Martinikan estatusa aldatzeko herri-galdeketa egin zuten herenegun eta bi lurraldeek ezezko borobila eman zioten Nicolas Sarkozyk iragan ekainean egindako eskaintzari. Frantziaren Itsasoz Haraindiko Lurraldeetan egiten diren bozketetan abstentzioa handia izan ohi da. Hala, 2003an Martinikan antolaketa administratiboa aldatzeko egin zuten bozketan abstentzioak %56,06a jo zuen.
Igandeko emaitzak ikusita, Guyanan herri-galdeketak ez duela jendea sobera erakarri nabarmendu daiteke. Martinikan, ordea, autonomiaren aldekoek jasotako emaitza kaskarra ezin zaio soilik abstentzioari leporatu. Parte-hartzea %48koa izan da Guyanan, eta hautesleen %69,8k ezetz erran dio Frantziako Konstituzioaren 74. artikulua gauzatzeari. Errefusaren bozka oraino azkarragoa izan da Martinikan. Lurralde horretan boz-emaileen %79,3k muzin egin dio autonomia zabaltzeko proposamenari.
Eskualde eta Departamenduko hautetsi guztiek, bai eta ezkerreko alderdiek ere, autonomiaren aldeko kanpaina egin dute Guyanan. Herritarrek, ordea, kontra bozkatu dute.
Eskualde-hauteskundeak hurbil izaki, alderdiek herri-galdeketak utzitako zauria ixteko ahaleginak egin behar dituzte.
Era berean, jendartean guztiz zabaldurik diren aldarrikapenak lortzeko bidean, Parisek marraztutako bidea jarraitu baino norabide eta egutegi propioa finkatzeak duen garrantzia aztertu beharko dute baiezkoa bozkatzera deitu zuten eragileek.
Martinikan, 34 herrialdetako 14 auzapez baiezkoaren alde azaldu ziren. Itzal handiko hautetsi batzuek 74. artikuluaren aldeko kanpainari bizkarra eman diote. Arrazoi ezberdinak eman dituzte. Batzuek krisi egoera gainditu arte hobe dela estatus politikoari buruzko «esperimentuak» alboratzea aldarrikatu dute. Beste batzuek autonomia garatzeko molde eraginkorragoak badirela nabarmendu dute.
Departamendu eta eskualdeko presidenteek Aldaketaren aldeko Batasuna mugimenduak garatutako kanpaina babestu dute Martinikan. Izan ere, MIM alderdi independentistak gehiengoa duen bi udalerritan soilik irabazi du 74. artikuluaren aldeko bozkak. Esanguratsua.
Kanpainan zehar, eskuineko alderdiak herriaren eta erakundeen arteko bereizketaz luze mintzatu dira. Sarritan, ustelkeriarekin lotu dituzte tokiko erakundeak. Eta «kanpaina zikinak» bere eragina izan du.
Emaitzak ikusita, politikarien aurkako eraso orokorrek krisi garaian sarrera erraza dutela ondoriozta daiteke. Beste kontu bat da, horiek bezalako neurrigabekeriek zer nolako kaltea eragiten duten aitzina begira.
Guyanako eta Martinikako eguneroko aferen kudeaketa auzitan jartzeak egun lurralde horietan sumatzen den ezinegona areagotu lezake. Interesik ba ote dute Frantziarekin haria bere baitan atxikitzeko kanpaina egin duten alderdiek giroa berotzeko ?
Emaitza inondik inora kolokan jarri gabe, azterketa partzialak egitea arriskutsua da.
Hala ere, Frantziako presidentziak irakurketa murritza egin zuen atzo. «Frantziako presidentetzak aintzat hartzen du Konstituzioaren 74. artikuluan oinarrituta itsasoz haratagoko lurralde elkargoa sortzeko egitasmoari martinikarrek eta guyanarrek eman dioten ezezko borobila» adierazi ondoren, Sarkozyk bultzatutako prozesuaren kontrako emaitza horrela azaldu du Eliseoko jauregiak: «Guyanarrek eta martinikarrek Errepublikarekiko sentitzen duten lotura azkarra agerian utzi du».
Begirada zabaldu beharrean, aldaketaren kontrako jarrerak sendotzera etorri da Sarkozyren bozeramailea. Kontraesanetan erori dira Sarkozy presidentea eta bere prentsa bulegoa?
Komunikazio arloko aditu batek berriki aitortu duenez, «esaldi berean gauza bat eta horren aurkakoa defendatzeko dohaina badu Sarkozyk». Agian, galdeketa bi itzulitan antolatuta, pariorik gabeko parioa egin zuen UMPeko buruak. Nolabait argitasun falta suma zitekeen igandeko galdeketan. Gauzak horrela, aldaketaren tamaina irudikatzeko zailtasunak agertu dituzte subiranotasunaren aldeko eragileek.
Aurrez aurre izan duten beldurra sortzeko kanpaina bortitza ezin da mespretxatu. Molde zaharkituek hedabideetan sarrera apalagoa badutela iruditu arren, langabeziak jendearen %30ari erasaten dion lurralde batean segurtasunaren aldeko mezuak ate-joka hedatzen dira.
«Emaitza baino ezetzak eskuratu duen sostengu zabalak» harritu duela onartu du Marcellin Nadeauk, Prècheur herriko auzapez eta departamenduko kontseilariak.
Modenas mugimenduko partaideak joan den azaroan Azkainen Autonomia Kolektiboak egin mitinean parte hartu zuen. Bertan, bi itzuliko lehiari buruz gogoeta bitxia egin zuen.
Bere ustez, aldaketa gauzatzeko aukera aitzina atera ezean ¯horrela gertatu da finean¯ «gutxienez lurralde kolektibitate bakarra izanen dugu».
Hilaren 24an partidaren bigarren eskua jokatuko dute Guyana eta Martinikako herritarrek. Burujabetasunaren aldeko Demokrata eta Ekologisten Alderdiko buruak Azkainen jorratutako tesia ontzat emanez gero, aldaketarik ez bada eboluzioaren atea zabaldu daiteke.