GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Denboraldia hastear da

Euskalteleko txirrindulariak, Australiara bidean

Ziklista gazteak aukeratu ditu talde laranjak aurreneko probetarako.

GARA | DONOSTIA

Euskaltel Euskadi gaur abiatuko da Australia aldera. Talde laranjak datorren igandean korrituko du denboraldiko lehen proba, Down Under Klasika, eta euskaldunek denbora apur batekin joan nahi dute bertako ordutegira -zortzi orduko aldea dago- eta eguraldira -uda bete-betean daude hego hemisferioan- behar bezala egokitzeko. Igandeko lasterketaren ostean, urtarrilaren 19tik 24ra, ProTour denboraldiko lehen itzulian ere, Tour Down Under delakoan, parte hartuko dute txirrindulari euskaldunek.

Espedizioa zazpi txirrindularik osatuko dute kirolariei dagokienez: bi «beterano», Ivan Velasco eta Mikel Nieve, eta bost gazte, Romain Sicard, Jonathan Castroviejo, Daniels Sesma, Gorka Izagirre eta Miguel Minguez. Aipatzekoa da Sicardek, 23 urtetik beherako munduko txapeldunak, lehen aldiz arituko dela ofizialki Euskaltelen elastikoa soinean jantzita.

Txirrindulariekin batera, Alvaro Gonzalez de Galdeano gasteiztarra ere Australian izango da bere zuzendari kargua estreinatzen. Bi urtez Orbean ibili ostean, beretzat ere lehen lasterketa izango da funtzio berria duenetik. Bilkura 14.00etan egingo dute eta, Sicard ez beste guztiak, Loiutik hartuko dute Adelaidarako hegazkina. Lapurtarrak Biarritzetik abiatuta egingo du bidaia.

Merckxi omenaldia

Bestalde, atzo jakinarazi zuten Tourreko antolatzaileek eta Bruselako agintariek, aurtengo Tourrak Eddy Merckx handia omenduko duela lasterketa Belgikatik igarotzen den egunetan. Tropela uztailaren 4an (Rotterdam-Brusela) eta 5ean (Brusela-Spa) izango da Belgikako hiriburuan, eta txirrindulariek Meise eta Tervuren herriak zeharkatuko dituzte, Merckxen bizitoki izan diren bi herriak, hain zuzen ere.

«Merckxi omenaldia egin nahi diogu. Aurten 65 urte beteko ditu eta horregatik nahi genuen Tourra Bruselatik igarotzea», adierazi zuen Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak. Kanibala bera ere oso hunkituta agertu zen: «Benetan eskertzen dut Tourrak eskainiko didan ohorea, eta are gehiago Bruselan izanda, nire bihotzean oso leku berezia duen hirian».

Brusela da Tourraren bisita gehien jaso duen Frantziatik kanpoko hiria.

ziklo-krosa

Belgikako Ziklo-kros Txapelketa jokatu eta hurrengo egunean, Klaas Vantornout nagusitu zen Otegem hirian egindako lasterketan. Kevin Pauwels bigarren izan zen, Dieter Vanthourenhout hirugarren, eta Sven Nys, herrialdeko txapelduna, bosgarren iritsi zen helmugara. Niels Albert, berriz, ez zen irteeran izan bezperan mozkortutako zale batek eragindako erorikoan saihets bat apurtu zuelako. Ikusteko dago hurrengo Munduko Kopako proban, Roubaix-en, parte hartu ahal izango duen ala ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo