Astebetean, bigarren greba Baionako portuan
GARA
Aurreko astelehenean bezala, atzo ere Baionako portuko jarduera baldintzatu zuen CGTk deituriko grebak. Sektore horretan gehiengoa duen sindikatua ez dago ados zerbitzu batzuen pribatizazioagatik izango dituzten kalte-ordainekin.
2008ko uztailean portu eta nasen funtzionamendua eraberritzeko onartutako legea indarrean sartu da. Estatuak inbertsioak areagotzea, portuen kudeaketa eraldatzea eta langileak esparru pribatura lekualdatzen segitzea da legearen xedea.
Estatuko gainerako portuetan ere lanuzteak izan dira. Le Havren eta Marseillan, esaterako, gaien garraioen inguruko jarduera erabat geldirik izan zen atzo. Alta, bidaiarienean eta petrolioarekin zerikusia duen garraioan ez du eraginik izan.