Hezkuntza komunitateari hitza eman, eta ofentsiban kokatu nahi du EHBE-k
Gurasoei, ikasleei, irakasleei zein langileei Hezkuntza agintariek kendutako hitza eskaini nahi die EHBEk Hezkuntza Deialdiarekin. Larunbatean dute zita eta inposaketei aurre egin eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko mobilizazio dinamika hitzartuko dute bertan.
Oihana LLORENTE
Askorentzat kezka iturri bilakatu da Hezkuntza azken hilabeteetan. Herritartasunerako Heziketa izeneko ikasgaiak sortutako zalaparta edota «Euskal Herria» terminoa testuliburuetatik desagertzeko saiakerak hor dira. Nafarroan euskara are egoera neketsuagoan jar lezakeen TIL eredua; Zuberoako eskola txikiek bizi duten inguruabar jasangaitza edota Bolognako prozesuak hartutako abiadura ere kezka horien iturburu dira ikasle, irakasle, langile, guraso edo finean, edozein herritarrentzat. Alde orotatik ikusita, beraz, beltza da, oso, Hezkuntzak duen panorama.
Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) herri mugimenduak, ordea, ez du eskuak gurutzatuta zerura begira gelditzeko inolako asmorik eta bere sorreran egin bezala, Hezkuntza Deialdia sustatu du, lozorroan dagoen hezkuntza komunitatea iratzarri eta hari hitza emateko.
Hezkuntza administrazio batean zein bestean gauzatu nahian dabiltzan erreforma eta dekretuek ez dituzte aintzat hartu ikasle, irakasle, langile edota gurasoen behar eta nahiak; are gehiago, hezkuntza komunitatea osatzen duten kolektibo eta sektore hauen iritziak ez dira jaso ere egin. Eta horregatik guztiagatik, aski dela esateko garaia heldu dela deritzote, inposaketei aurre egiteko eta Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko duen eskubidea aldarrikatzeko tenorea, hain zuzen ere.
Ekainean Sarasateko adierazpena aurkeztu zuten 200 lagunek eman zioten hasiera Hezkuntza Deialdiaren ibilbide honi eta larunbatean, Donostiako Ernest Lluch aretoan egingo duten batzar irekian emango diote segida. Bertan parte hartu nahi duen oro ongi etorria izango dela jakinarazteko eta hitzorduaren garrantzia nabarmentzeko agerraldia eskaini zuten atzo Donostian hezkuntza munduko kide ezagunek.
Joxe Mari Agirretxe, Porrotx pailazoa, izan zen hitza hartzen lehena eta mezua gurasoei zuzendu zien hark. Umeen irriak eragiteaz gainera, bi seme-alaben aita ere badela aitortu prentsaren aurrean eta gurasoek hezkuntza prozesuan duten zeresana nabarmendu zuen. «Ikastetxea ez da dena. Hortik harantzago etxea dago, baita herria ere, eta hiru elementu horien artean hiruki bat osatzen da hezkuntzan», adierazi zuen Agirretxek.
Ezaguna da «koloretako Euskal Herria» desio duela Agirretxek, eta hori sortzeko denen beharra dagoela adierazi zuen. Gurasoei bereziki, hausnarketarako deia egin zien eta bide batez, larunbateko hitzordura gonbidatu ere egin zituen.
Unai Txurruka ikasle eta Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduko kidea kexu agertu zen hezkuntza agintariek ikasleriari eskaintzen dioten arretarekin, haren ustez hutsaren hurrena baita. Erabakiak hartzeko aintzat hartzen ez dituzten arren, erabaki orok, «onerako zein txarrerako», ikasleengan eragina duela azaldu zuen, eta hortaz, ikasleek erabakietan jokatu beharreko papera nabarmendu zuen, eta larunbateko batzarrean parte hartzeko deia egin zien.
Herrien garapenaren oinarri
Bestalde, Jon Urrusolok, hezkuntza komunitateko langileak, azken hilabeteak «kezka handiz» bizi izan dituela adierazi zuen agerraldian. Salatu zuenez, hezkuntza alorrean hartutako erabakiak hezkuntza komunitateari «iritzia eskatu gabe» eta «inposizio egoera batean» hartuak izan dira, eta finean, «euskara, euskal curriculuma eta Euskal Herria bera jo puntuan jarri dituzte», beraren hizetan. Aldaketa horiek guztiak praktikara eraman behar dituztenak langileak direla gogora ekarri, eta gaineratu zuen horrexegatik dela hil ala bizikoa dela irakasle, langile eta hezitzaileen iritzia aintzat hartzea.
Hezkuntzak herri baten biziraupen zein garapenean duen garrantziaz aspaldi ohartu ziren atzo Donostian bildutako lagunak; baita gizarte eraldaketa gauzatzeko tresna dela ere. Euren aburuz, Euskal Herri luze eta zabalean hezkuntza eskubideak ukatuak dira, eta inposaketa berrien atarian gaudela deritzote. Horregatik guztiagatik aktibatu dute Hezkuntza Deialdia, erasora igarotzeko bitarteko gisa.
Larunbatean, inposaketei erantzun eta Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko bidean ofentsibari forma emango diote guztien artean, eta hortik aurrera, kalean izango da hezkuntza komunitatea.
Euskal Herrian Hezkuntza Sistema Nazional eta propioa eraikitzearen alde dagoen edota gaur egun hezkuntzaren gaineko kezka duen edonor bertaratu daiteke larunbatean, Donostiako Ernest Lluch aretoan, izango den hitzordura.
9.30ean abiatuko da Hezkuntza Deialdiaren batzar irekia eta lehenik, herrialde eta ikasmaila bakoitzak azaltzen duen egoera aztertuko dute parte-hartzaileek. Goizean, lan taldeetan banatuta, datozen hilabeteetan garatu beharreko mobilizazio dinamikari buruz eztabaidatuko dute, eta ados jarri ondoren, osoko bilkuran jakitera emango dituzte erabakiak.
Euskal Herriak Bere Eskola herri mugimenduak hezkuntzaren alorrean dauden indarrak biltzeko eta aurrera begira jartzeko asmoz antolatu du Hezkuntza Deialdia eta beraz, funtsezkotzat jotzen du larunbateko hitzordua parte-hartzailea izatea. O. L.