GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Alferrik izango da, baina

Euskal Herriak azken hamarkada hauetan nozitu duen bortxakeria politikoaren baitan gertaturiko hilketen artean argitzeke geratzen den latzena da Alonsotegikoa. Eta Ametzola plazakoa da hurrengoa. Noiz arte?

Esanda utzi beharrekoa dela deritzot. Besterik ezean, inork ez dezan esan, biharko -edo etziko- egunean, halako gehienetan ohi den bezain lotsagabe, ez zuela arazoaren zantzurik. Datorren asteazkenean, sansebastianetako danborren tarrapata hastearekin batera, beteko dira 30 urte Alonsotegiko Aldana tabernan lehergailu batek lau pertsona hil zituela. Mari Paz Armiño Baron eta Pazifiko Fika Zubiaga senar-emazteak, Liborio Arana Gomez eta Manuel Santacoloma Velasco, larunbat-igande gau hartan etxeratu aurreko azken berriketetan arituko ziren bospasei kilo lehergaiz osatutako bonbak zirpildu zituenean. Beste bi lagun oso larri zaurituta geratu ziren, eta lau gehiago zauri arinagoekin. Xehetasun gehiago nahi izanez gero, hemeroteketara jo daiteke.

Arazoaren astungarria, haatik, harez geroztikoa da. Hain bortizki hildako lau pertsonen akabera latzaz ari garen arren, inoiz ez da sarraskiaren kitamendurik txikiena ere zertu: inoiz ez da inor epaitua izan izugarrikeria hargatik; eta, bide batez, inork ez du kartzelaz ez beste inolako zigorrez ordaindu masakre hura. Are gehiago, nik dakidanaren neurrian behintzat, inoiz inor ez da ekintza haren erantzule izan zitekeelakoan ikertua izan, beraz, ezta pertsegitua ere. Nire oroimen apurrak eta hemeroteken egoskorkeriak ziurtatuko ez balidate, amesgaiztoren batean-edo ikusi dudala iruditu arren egiatan inoiz gertatu ez den mamuaz ari naizela susmatu beharko nuke. Zoritxarrez, duela 30 urte Aldana tabernan hildakoak eta zaurituak bene-benetakoak izan ziren, eta bertan izan zirenek, edota haien oinordekoek, eman dezakete testigantza.

Oso antzeko zerbait gertatu zen handik sei hilabetera Bilboko Ametzola plazan, haurtzaindegi baten ondoan ipinitako lehergailu batek beste hiru pertsona zirpildu zituenean. Hilak ehortzi zituzten, eta akabo auzia. Gaur arte. Itxuraz bederen, biktimak etengabeko hizpide dituen gizarte honetan inolako asaldura berezirik piztu gabe. Biktimak «ez ikustea» zein erraza den frogatzeko ariketa bat balitz bezala.

Rubalcaba ministroak, Barne Ministeriora heltzean, «iraganeko kasu zail eta kitatu gabeak argitzeko» sorrarazi omen zuen brigada edo polizia talde berezi hark lanean jarraitzen ote duen ez dakit. Are gutxiago dakit ea inoiz Alonsotegiko sarraskia argitzeko lanari ekin (nahi) izan dioten. Agian, 30 urte geroago ere, hilketaren biharamunean Jose Sainz poliziaburu ospetsuak esandakoak indarrean jarraituko du: «Ez dugu susmo zehatzik, baina izango bagenu ere, ez genieke hedabideei jakinaraziko». Hedabide horien bitartez bil daitezkeen argibide apurrak lagungarri izango zaizkie, hala ere: GAE-Grupos Armados Españoles izeneko talde ultraeskuindarrak hartu zuen bere gain hilketaren erantzukizuna. Eta talde hartako kideetako batzuen izenak ere agertu dira han-hemenka geroztik.

Eginkizunak hortxe jarraitzen duela esateko idazten dut gaurko hau. Euskal Herriak azken hamarkada hauetan nozitu duen bortxakeria politikoaren baitan gertaturiko hilketen artean argitzeke geratzen den latzena da Alonsotegikoa. Eta Ametzola plazakoa da hurrengoa. Noiz arte?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo