GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Agustin Rodriguez Donostiako hautetsi independentista

San Bartolomeko afera: erantzukizunaren garaia da

«Ezkertiarra» omen den gure alkatearen «kudeaketa ona»ren beste adibide baten aurrean gaude, beraz. Etxegintzaren botere faktikoekin behin eta berriz itunak egiten dituena, hiria hipotekatzen eta urteetan zehar ehunka familia amildegira eramaten dituena

Azken hilabeteotan pil-pilean jarri da berriro ere San Bartolomeko operazioa eta honen ondorio tamalgarriak. Ezin dugu ahaztu etxegintzako «pelotazo» honen ondorioz, Amara Zaharreko 150 familia baino gehiago egoera jasanezinean eta babesik gabe utzi dituztela. San Bartolomeko lehen hirigintza-hitzarmena 1990eko hamarkada hasieran sinatu zen, aurreko mendean, alegia, Udalaren eta eremuko hainbat jabe handiren artean. Operazioa 1995. urtean onartu zen, Donostiako Plan Orokorrean berretsi zen eta ordutik gaurdaino, Odon Elorzak eta bere gobernu taldeak Amarako bizilagunak egoera jasanezinean eduki dituzte, inolako babesik gabe.

Euren etxebizitzen truke, berriak eskuratuko zituztela hitz eman ondoren, euren etxebizitzak antolamendutik kanpo utzi zituzten, horietan obrak egiteko inolako aukerarik gabe. Bizilagun hauek 14 urte baino gehiago daramate egoera horretan, alkatearen eta gobernu taldearen axolagabetasunaren ondorioz, eta gainerako udal talde gehienen laguntzari eta adostasunari esker. Hala, pertsona eta familia horiek irtenbiderik gabeko egoeran utzi dituzte. Euren etxeak erortzeko arriskuan ikusten dituzten bitartean, ez dute etorkizunera begirako inolako irtenbiderik esku artean.

Egoera larriagotu egin da, ordea, bizilagun horiek euren legezko kexak agertu ondoren. Izan ere, Odon Elorzak eta bere gobernu taldeak, gainerako udal taldeen isiltasun konplizearekin, San Bartolomeko operazioa defendatzen jarraitzen dute, Amarako bizilagunei oraindik kea salduz. Gauzak puntu horretara iritsita, bizilagun horiek beste 10 urtean egoera berean jarraitzeko prest daudela uste al du Odon Elorzak? Donostia-2016ko hautagaitza hiri honek bizi duen arazo larriak estaltzeko eta herritarren arreta beste norabide batean jartzeko baliagarria izango zaiola zinez uste omen du alkateak.

Odon Elorzak bere erantzukizuna hartzeko garaia iritsi dela uste dugu. Bai bizilagun hauen etorkizunari dagokionez, eta bai San Bartolomeko operazioari buruz. Argi hitz egiteko garaia iritsi da. Aitzakiak aitzakia, eta erruak eta ardurak besteei egotziz, ezin da onartu alkatea luzaezina den egoera bat luzatzen saiatzea. Are gutxiago, bere burua bizilagun hauen salbatzailetzat aurkeztea, beranduago bada ere operazioa egingo dela eta irtenbide azkarra bilatuko duela behin eta berriz errepikatuz. Illunbe, Garbera eta beste hainbat kasutan agerian utzi duen moduan, arazoak ezkutatzen eta ardurak desbideratzen maisu dugu alkatea.

Zer? Nola? Eta noiz? Hauek dira Odon Elorzak bizilagun hauen aurrean berehala eta modu garbi eta zehatzean erantzun behar dituen galdera bakarrak.

Gure iritziz, San Bartolomeko operazioaren bideragarritasun ekonomikoa guztiz zalantzagarria da. Egun, etxebizitza berri eta merkatuko preziodunak ez dira saltzen, eta hori da errealitatea. Are gutxiago sal daitezke eremu honetan egin nahi direnak, aurreikusitako prezioak ikusita. Horri guztiari beste bi faktore gehitu behar dizkiogu: operazioa onartu zeneko ikerketa ekonomikoen abiapuntua lurzoruaren eta aprobetxamenduen salmenta-prezioak ziren, ondoren prezio horiei hainbat gastu kenduz. Ondorioz, eta abiapuntuak errotik kale egiten badu, kasu honetan gertatzen den moduan, gainerako zenbakiek ezer gutxi balio dute. Bigarren faktorea honakoa da: operazio honetan lurjabe handiek lortuko dituzten gainbalio garrantzitsuak eta hirigintza-hitzarmenetan dagoeneko hitzartuta daudenak. Lurjabeek horiei uko egitea pentsaezina da.

Orain dela egun gutxi, udal agintariek argitaratu dutenez, finantza-erakunde zenbaitekin konpromisoak lortu dituzte operazio honetarako maileguak emateko. Dirudienez, operazioa abian jartzeko beharrezkoak diren 120 milioietatik 58 milioi euroko maileguak emateko konpromisoa hitzartuta legoke (Kutxak 40 milioi euro, Banco Sabadellek 8 milioi eta La Caixak beste 10 milioi). Operazioa aurrera aterako duten irudia zabaldu nahi dute, baina ez dute azaldu zein baldintzatan hitzartu dituzten mailegu horiek, askoz ere txikiagoak diren maileguak emateko orduan izugarrizko oztopoak jartzen ari diren une honetan. Mailegu horien inguruan hitzartutakoek nola eragingo diote gure hiriari? Edonola ere, ez dituzte lortu operazioa hasteko behar diren 120 milioi horiek eta horiek lortuta ere, operazioaren bideragarritasunak zalantzan jarraitzen du.

«Ezkertiarra» omen den gure alkatearen «kudeaketa ona»ren beste adibide baten aurrean gaude, beraz. Etxegintzaren botere faktikoekin behin eta berriz itunak egiten dituena, hiria hipotekatzen eta urteetan zehar ehunka familia amildegira eramaten dituena. Hori bai, bere eta bere zinegotzien soldata lotsarik gabe etengabe igotzen dituen bitartean. Dagoeneko, ez Odon, ez haren aitzakiak, ez dira sinesgarriak.

Esandako guztia esanda, lehen pauso gisa, benetakoa eta gaurkotua den ikerketa ekonomiko-finantzario bat egin dezala exijitzen diogu Odon Elorzari. San Bartolomeko operazioa benetan bideragarria den ala ez jakin dezagun, eta beraz, alkateak eta udal taldeek bizilagun hauentzako irtenbidearen oinarritzat jartzen duten operazioa benetan bideragarria den jakin dezagun. Pertsona hauen guztien egoerak irtenbide justu eta ahalik eta azkarrena eskatzen duela uste dugu. Argi dugu Udalak benetako argibide eta azalpenak zor dizkiela, Udala izan baita familia hauek guztiak operazio honetan sartu eta egoera onartezin honetan jarri dituena. Eta bizilagun hauek ez ezik, donostiar guztiok ere Odonen abentura hau nola amaituko den jakiteko eskubidea dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo