Bigarren mailako Binakako Txapelketa
Lehen mailako lehiaketaren antza, gero eta handiagoa
Sistema oso antzekoa da, finalerdiak partida bakarrera jokatuko direla da aldea, eta Goñi III.arekin gertatu bezala, Urberuaga txapelduna kanpoan utzi dute.
Jon ORMAZABAL
Oihartzunaren aldetik, lehen mailako txapelketarekiko aldea nabarmena bada ere, gero eta horren antz handiagoa duen bigarren mailako edo promozio txapelketa eratu dute EPELeko enpresek. Kirol maila altua izateaz gain, eta lehiaketa sistema biak ia berdinak, Fernando Goñiri lehen mailakoan gertatu bezala, honakoan Xabier Urberuaga, egungo atzelari txapelduna -Berasaluze IX.arekin batera-, lehiaketatik at utzi du Aspek.
Kirol alorrari dagokionez, aspaldiko urteetako txapelketarik gogorrenaren aurrean gaudela esan dute zenbaitzuek, lehen mailakoan toki bat egitea horren zaila den garai honetan -batez ere aurreko koadroetan-, txapeldun izandako lau pilotari arituko baitira aurtengo Binakakoan: Argote (2008, 2007), Retegi Bi (2008, 2007), Arretxe II.a (2006) eta Asier Berasaluze (2009). Horiez gain, azkenaldian estelarrak jokatzen aritu diren Ekaitz Saralegi eta Aritz Lasa ere tartean izango dira.
Lehiaketa sistemak txapelketa nagusiaren antzeko egitura izango du. Enpresa bakoitzak lau bikote aurkeztuko ditu: Asegarceren aldetik, Urrutikoetxea-Argote, Saralegi-Eskudero, Arretxe II.a-Ibai Zabala eta Diaz-Apraiz izango dira; eta bestetik, Aspetik, Berasaluze IX.a-Larrinaga, Olazabal-Arruti, Aritz Lasa-Merino eta Retegi Bi-Cecilio. Enpresa bakoitzeko bikoteak bestekoaren aurka arituko dira bi itzuliko ligaxka batean, eta lau bikoterik onenak finalerdietarako sailkatuko dira.
Lehiaketa bien arteko desberdintasun bakarra finalerdiak izango dira, honakoan ez baitute ligaxka jokatuko, partida bakarreko finalerdiak baizik.
Getarian hasiera
Partidak ere lehen mailako txapelketekin parez pare jarri dituzte antolatzaileek, lehen jardunaldirako, behintzat; eta hala, lehen partida ostiralean jokatuko dute Getarian (Saralegi-Eskudero/ Olazabal-Arruti), eta gainerako hirurak, aldiz, Labrit, Astelena eta Mungian jokatuko dituzte.
Printzipioz, txapelketako finala martxoaren 27rako iragarrita dago, zein pilotalekutan izango den oraindik zehazteko badago ere. Finalistak nortzuk diren ikustean erabakiko dute hori.
Bitxikerien artean esan beharra dago Asier Berasaluzek, egungo txapeldunak, profesional gisa bi partida baino jokatu ez duen Iñaki Larrinagarekin jokatuko duela. Elkarrekin ondo konpontzen dira, behintzat, izan ere, azken hilabeteetan elkarrekin egin baitituzte bai entrenamendu fisikoa, bai frontoikoa.
Asegarcen Urrutikoetxea da berrikuntza nagusia, eta kasu honetan ere bada bitxikeriarik. Zaratamoko gazteak Lau eta Erdikoa izan zuen bere lehen txapelketa, eta gai izan zen debutean txapela jartzeko. Final horretan aurkari izan zuen Argote, lagun du honakoan.
Argotek (2007 eta 2008), Julen Retegik (2007 eta 2008), Arretxe II.ak (2006) eta Berasaluze IX.ak (2009) badakite zer den txapelketa hau irabaztea.
Mikel Urrutikoetxeak Lau eta Erdiko txapela irabazi zuen bere ibilbideko lehen txapelketan, abenduan, Argoteren aurka. Binakakoan elkarrekin arituko dira kaiolako bi finalistak.