GARA > Idatzia > Kultura

Tabakaleraren berritze arkitektonikorako lanak maiatzean hasiko dira

GARA | DONOSTIA

Tabakaleraren berritze arkitektonikorako lanek badute, atzotik, Administrazio Kontseiluaren oniritzia. Erakundea osatzen duten Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak atzo bildu ziren eta lanak onartu zituzten, berritze prozesua ahalik eta azkarren has dadin. Nazioarteko lehiaketa irabazi zuten Jon eta Naiara Monterok martxoan emango dute lan hauen proiektu exekutiboa, baina atzo hartu zen erabakiari esker, berehala jarriko da martxan. Gauzak horrela, «aurreikusitako epeak betetzea espero da, eta eraikin berritua 2013an zabaldu ahal izatea», azaldu zuten atzo Tabakalerako arduradunek prentsa ohar baten bidez.

Atzoko bilerako beste erabaki bat lanak sortaka egitea da eta horien eskaintza banan-banan egingo da. Hortaz, eraikuntza lanetan hainbat enpresak hartuko dute parte.

Obrak hasi bitartean, hainbat jarduera mantenduko ditu Tabakalerak. Alde batetik, «Siliziozko ametsak. Artea, zientzia eta teknologia Europar Batasunean» erakusketa egongo da eta, bestetik, ikus-entzuneko hainbat jardunaldi egingo dira. Azkenik, eraikin zaharra agurtzeko, hainbat ekitaldi izango dira itxi aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo