GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren beharra kolokan jarri dute Baiona eta Hendaiako lanpostu murrizketek

Idoia ERASO

Baiona eta Hendaiako tren geltokietan tren bidezko merkantzien garraio zerbitzuan lan egiten duten 34 langilek lantokiz aldatzeko gomita jaso dute. Ekainera arte bi geltokiotan 65 lanpostu deuseztatu nahi ditu zuzendaritzak arrazoi ekonomikoak direla-eta. Bi geltokietako merkantzia-garraio zerbitzuan 160 pertsonak egiten dute lan egun; helburua zerbitzua %40 murriztea da.

Merkantzia-garraio zerbitzuan murrizketa larriak izan dira, beraz, egunotan, baina Ipar Euskal Herrian AHT eraikitzearen aldekoek azpiegitura berria merkantziak garraiatzeko beharrezkoa dela argudiatzen jarraitzen dute. «Gezurra da trenbide berria freta garraiatzeko beharrezkoa dela. Guk egunero ikusten dugu hemen gertatzen dena eta gero eta lan gutxiago dago gaur egun. Gerora egoera zein izanen den ez dakigu, baina egun behar ho-ri ez dago», adierazi zuen Peio Dufau Hendaiako geltokiko langileak.

AHT egitasmoaren agirietan jasotako merkantzien trafikoari buruzko aurreikuspenetan kontraesan handiak daude. Hori dela eta, azterketa berriak egiten ari dira eta maiatzean Bordelen egingo den Pilotaje Batzordean aurkeztuko dira aurreikuspen berriak.

Manifestazioa 23an Hendaian

Atzo AHT Gelditu! kolektiboak urtarrilaren 23an Hendaia eta Irun artean egingo den protesta ekimenerako deialdi ofiziala egin zuen. Bidasoaren iparraldean abiadura handiko trenaren kontrako elkarteak batzen dituen CADE kolektiboarekin batera antolatu du protesta ekimena. Abiadura handiko trenaren kontra Euskal Herri osoa elkartu nahi duen protesta izango da Txingudiko bi hirien artekoa. Arratsaldeko lauretan hasiko da Hendaian.

Astelehenean Bordelen egin zen Pilotaje Batzordean AHTk Lapurdin izango duen ibilbidearen kilometro bateko perimetroa aurkeztu zuten. Horrek elkarte, hautetsi eta alderdien protestarako deialdiak berretsi zituen.

Europe Ecologie Aquitaine- Berdeek ere protestan parte hartzeko deialdeia egin zuen. Azpiegitura berriaren kontra dauden hiru herri-elkargoe- tako auzapezen izenean Azkaineko auzapez Jean-Louis Laduchek ere bat egin zuen deialdiarekin.

Azkainen abiadura handiko trenaren aurka egiteko sortu den taldeak, elkarretaratzerako deia berretsi zuen astelehenean. Trenbidea Larrundik urrunduta ere, azkaindarrek argiki aldarrikatu zuten: «AHTrik ez dugu nahi, ez Azkainen ez nehon».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo