GARA > Idatzia > Kultura

Hileta oharra | Jorge Cortes Izal

Euskararen aldeko etengabeko lan isila

p042_f01_97x60.jpg

GARA

Jorge Cortes Izalen ama euskalduna zen, baina berak ez zuen euskara ikasi. Euskararekiko zaletasuna, berak azaltzen zuenez, horrexegatik piztu zitzaion, hain zuzen ere: amak bazekielako eta Jorgek berak txikitatik entzun zuelako euskara Otsagabian. Hortik sortu zitzaion ikastolen munduarekiko gertuta- suna ere. Izan ere, Ikastolen mugimenduaren bultzatzaile handienetarikoa izan da Jorge Cortes Nafarroan, etengabeko lan isila egiten.

Batxilergoa Iruñeko Eskolapioetan ikasi zuen. Gero, Iruñeko Merkataritza Eskolan bi urtez ikasi zuen eta -«praktikan teorian baino interes handiagoa» zuenez- lanean hasi zen komertzial moduan. 35 urtez, erretiroa hartu arte, plano-erreproduktoreak, fotokopiagailuak eta horrelako tresneria saltzen aritu zen.

«Amigos del País» Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide egin zen, ikastolen aldeko mugimenduan parte hartu ahal izateko. Iruñean, 1963an egin zituzten Nafarroako lehenengo ikastola zabaltzeko ahaleginak, baina ekimenak ez zuen aurrera egin, eta handik bi urtera, 1965ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ikastola bat eratu zuen, esklusiboki bertako kideen seme-alabentzat. Hasieran Nuestra Señora de Ujué izena zeraman, baina gero Paz de Ziganda izatera pasa zen.

Baina Elkartea zatitu egin zen, eta Jorge Cortesen gidaritzapean San Fermin ikastola sortzeari ekin zioten. Ikastola horren buru ere izan zen, gurasoek hautatua eta ikastola honetako lehenbiziko ikasleetakoak izan ziren bere semeak. Laster zabaldu zuten ikastolen mugimendu Nafarroa osora.

Nafarroako Diputazioaren Príncipe de Viana erakundeko «Fomento del Vascuence» sailean parte zuzena izan zuen, euskararen sustatze lanetan eta erakundearen izena zeraman aldizkariaren euskarazko gehigarrian batik bat. Amadeo Marco, Miguel Javier Urmeneta eta abarren laguntza lortu zuen Euskararen Sail horretatik euskara sustatzen eta zabaltzen joateko Nafarroan, eskola munduan bereziki.

1969ko azaroaren 28an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Merezimendu osoarekin, gainera, Roldan Jurio historiagileak gogora ekartzen zuen bezala, euskara ikasten saiatu baitzen nahiz eta adinean aurrera joan... eta zer motatako gelakidearekin gainera. «Nire aitak (Jimeno Jurio historiagile handiak) Arturo Campion euskaltegiko geletan hasi zen euskara ikasten -esaten du Roldan Juriok-. Gero berreskuratu zuen Asisko Urmeneta irakasle zuelarik, eta taldekideak Pablo Antoñana idazlea eta Jorge Cortés Izal zituen. Damutzen zen, ez zelako euskara ondo menperatzera iritsi baina, haren esanetan, inoiz ez da berandu euskara ikasteko».

 

HILETA-OHARRA

Jaiotze data: Otsagabia, 1930ko apirilaren 25ean. Atzo hil zen, Iruñean. > Ibilbidea: Ikastolen mugimenduaren sortzailea Nafarroan, San Fermin ikastolako sortzaile eta burua izan zen. Euskalerria Irratiaren sorreran ere aritu zen. Euskaltzain urgazlea 1969az geroztik. > Hainbat sari: 1997ean, Euskalerria Irratiaren Larreko saria. 2004ko ekainaren 28an, Noaingo borrokaren urteurrena ospatzeko eginiko ekitaldian omenaldia jaso zuen, baita 2004an Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Lizarra Ikastolak antolatutako ekitaldian ere. 2008ko maiatzean, Jimeno Jurio saria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo