GARA > Idatzia > Kultura

Elkarraldien jaialdi gisa proposatu du aurten Biarritzeko Royal zinema-aretoak Zinerama

GARA | BIARRITZ

«Elkarraldia» da jaialdia definitzen duen hitza; zinemaren inguruan, hitz eginez filmak eta artistak ezagutzea da gaur hasiko den Zineramak proposatzen duena. Urtarrilaren 19ra arte elkarrekin zinemaz gozatzeko aukera eskainiko du Biarritzeko Royal aretoak.

Zinema zuzendariek eta ikerlariek filmak eta zinemaldiak hobeki ezagutzeko parada eskainiko dute. Bereziki Biarritzen ospatzen zen Zinema Madarikatuaren Jaialdiaren 60. urteurrena ospatzeko gaualdia egingo da heldu den astelehenean.

Gaur, gaueko bederatzietatik aurrera, Jean-Charles Fitoussi zinema zuzendariak «Nocturnes pour le roi de Rome» filma aurkeztuko du. Ostiralean Frederic Chignacen txanda izango da, demokrazia parte-hartzailearen inguruan ari den «Non au Mac Drive» filmarekin.

Larunbatean, Safy Nebbou baionarraren txanda izango da. Herriarekin leialtasunari eutsiz, bere hurrengo filmaren aurre-estreinaldia egingo du Biarritzen. Estatuan otsailaren 10ean estreinatuko den «L'autre Dumas» filma ikusteaz gain, zuzendariaren iritzia entzuteko parada ere eskainiko du Zineramak.

Jaialdia bihar estreinatuko den Clint Eastwooden «Invictus» filmarekin bukatuko da. Errugbiari eta Apartheidari buruz diharduen filma amaitutakoan Serge Blanco errugbi jokalari ohiaren istorioak entzungo dituzte bertaratutakoek.

Zinema madarikatua

Biarritzeko Zinema Madarikatuaren Jaialdiari buruz liburu bat idazten ari den Frederic Gimello-Mesplomb arduratuko da ekimenaren 60. urteurrena ospatzeko gaualdiaz. Max Ophülsen «Lola Montes» filmaren jardunaldiarekin bat egingo du zinema madarikatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo