Laura Mintegi idazlea
Termopilak zeharkatu, New York-en
Atzo lagunak joan ziren New York-era, eta bezperan txantxetan aritu ginen: «Ez ahaztu galtzontzilo eta kulero garbiak eramatea, etiketarako behatuko zaituztete-eta!». Segurtasunaren gaineko sindromea ez da naturala, noski. Gerra guztietan erabili izan da etsaiarekiko izua, Termopiletako gerratetik Balkanetaraino. Kristo aurreko V. mendean bazekiten jada elementu batzuk funtsezkoak direla gerran. Estrategia da bat. Xerxes I.a, eta geroago Artaxerxes, maisuak izan ziren estrategia kontuetan. Horri esker, posible da kopuruz txikiagoa dena nagusiari gailentzea, indarrak nola erabiltzen diren. Hori dauka estrategiak, «nola» da garrantzitsuena, ez «zenbat».
Beste elementu bat da kohesioa. Taldean egon daitezkeen zirrikituak minimizatzea. Gune konpaktu eta tinko moduan agertu behar da taldea, ñabardurak alboratuz, iritziak berdinduz, kaleidoskopioan irudi eta kolore bakarra irudikatuz. Gerratean ez dago prismaren ikusmira dibergentea, baizik eta konoaren bertikaltasuna.
Kohesioa lortzeko moduak daude, egon; horietariko bat uniformea da, janzkera berbera ezartzea guztientzat. Musika da beste tresna bat, erritmo errepikakorra duen martxa potentea. Ikurrak, sinboloak eta musika kohesio elementuak dira, gutarra nor den bereizten laguntzen dutenak. Eta azkenik izua dago, beldurra. Behin markatuz gero marra, eremu horretatik kanpo dagoen guztia arerioa da, etsaia, iragazi beharrekoa.
Termopilak «ate beroa» da grezieraz. New York-etik itzulitakoan lagunei galdetuko diet ea berorik sentitu zuten aireportuko eskanerra zeharkatzean.