Elizen aurkako erasoek erlijioen arteko liskarrak sor ditzakete Malaysian
GARA
Azkenaldian Malaysian eliza kristauen kontra izan diren erasoak herrialde honetan islamak zuen irudi moderatua hankaz gora jarri du eta, adituen arabera, etnien arteko tentsioa areagotu dute.
Lau egunetan, bederatzi elizaren aurkako erasoak izan dira molotov koktelekin, epaileek egunkari katoliko bati Allah hitz arabiarra malaysieraz Jainkoa izendatzeko erabiltzea baimendu ondoren.
Erabaki honen aurrean helegitea aurkeztu duen Gobernuaren ustetan, baimen honek nahasmena zabalduko du eta erlijio konbertsioak bultza ditzake, nahiz eta islama erlijio ofiziala den herrialde batean debekatuta izan.
Talde islamikoen haserrearen eta Gobernuaren presioaren aurrean, Goi Epaitegiak apelazio-epaitegi baten erabakia berretsi zuen.
Eraso hauek «Malaysiak duen herrialde islamiar moderatuaren irudia kaltetzen dute», adierazi zuen Malaya unibertsitateko Azmi Sharomek.
Aditu honen ustez, Gobernuaren helburu nagusia Malaysiako islamiarren (biztanleriaren %62) sostengua mantentzea da. Herrialdeko biztanleen %10 kristauak dira, 2.800.000 lagun inguru. Horietatik, 850.000 katolikoak dira.
«Gobernuak helegiterik aurkeztu ez balu, talde islamiko kontserbadoreen haserrea piztuko luke», azaldu du Merdeka institutu independentea zuzentzen duen Ibrahim Suffianek.
«Allah hitza oso maiz erabiltzen da. Gobernuak debekuaren alde egiten duten taldeekin bat egin du, baina jendearen gehiengoari arazo horrek ez dio axola», gaineratu du.
Gobernua osatzen duen koalizioko talde nagusiari, Malaysiako Batasunaren Nazio Erakundeari (UMNO), nazionalismo malaysiarra bultzatzea egotzi diote, hauteskundeetan emaitza hobeak ateratzeko asmoz. UMNOk boz ugari galdu zituen azken hauteskundeetan.
Malaysian maiz izaten dira etnien arteko liskarrak, batez ere erlijio arazoak direla-eta. Malaysiar musulmanak biztanleen gehiengoa dira (62%), txinatarren (%25) eta indiarren (%8) aurretik. Azken bi talde hauek azken urteotan herrialdearen «islamizazioa» pairatzen ari direla salatu dute.
Auzitegi-sistema bikoitza du Malaysiak eta epaitegi islamiarrek xaria, lege islamiarra, erabiliz erlijio honetako kideak epaitu ditzakete.
Legedi islamikoaren aplikazioa orain arte mugatua izan bada ere, azkenaldian gero eta indar handiagoa duela salatzen dute beste erlijioetako kide eta agintariek.
2009an modelo batek sei makilakada jaso zituen zigor gisa hotel bateko tabernan alkohola edateagatik.