Kopa Osasunak Hercules hartuko du Sadarren
Aldarrikapenerako garaia
Joaneko neurketan jasotako porrotari (2-1) buelta eman behar diote iruindarrek etxean Bigarren Mailako liderraren aurka.
OSASUNA-HERCULES
GARA | IRUÑEA
Deportivoren aurkako neurketaren amaieran Jose Antonio Camacho Osasunako entrenatzaileak egin zuen autokritika hizketagai dute oraindik jarraitzaileek Iruñean. Gorritxoek erakutsi zuten joko eskasa dela-eta, taldea motibatzeko gai ez dela adierazi zuen murtziarrak -atzo egoera baretu nahi izan zuen-. Beraz, Liga alde batera utzi eta Kopan pozteko motiboren bat lortzeko aukera ederra dute entrenatzaileak eta jokalariek.
Ez dute, ordea, partida erraza izango nafarrek, iragan astean joaneko neurketan jasotako porrotari (2-1) aurre egin beharko baitiote. Gainera, askok Hercules Bigarren Mailako taldea izanda, sailkapena erraza izan daitekeela pentsatzen badute ere, alacantarrak lider dira beren kategorian, Realarekin berdinduta.
Estrategiari dagokionez, gaurko partidarako, bai Camachok bai Esteban Vigo Herculeseko entrenatzaileak Ligan gutxien jokatzen duten jokalariak erabiliko dituzte. Osasunan, albiste nagusia Sergioren presentzia da, Gabonetako oporretatik bueltan izan zuen lesiotik osatu baita dagoeneko.
Azken orduko zalantza, aldiz, Vadocz hungariarra izango da, atzo ez baitzen taldekideekin aritu gastroenteritisak jota baitzegoen. Beraz, sendatuko ez balitz, litekeena da Patxi Puñal bere ordez aritzea.
Hegaletan, ordea, Azpilicueta eta Monreal titularrak zelairatuko ditu hasieratik Camachok.
Esteban Vigok ere Ligan minutu gutxien jokatzen duten jokalariak aterako ditu hasierako hamaikakoan, baina, lesioak direla-eta, lau berritasun soilik sartu ditu deialdian Cartagenaren aurkako neurketarekin alderatuta.
Portillo titular aritu daiteke
Camachoren adierazpenak direla-eta, Osasunako jokalariek nola erantzun dezaketen ikusteaz gain, partidak beste pizgarri bat ere izango du. Izan ere, orain dela oso gutxira arte Osasunan aritutako Javier Portillo hasieratik atera liteke Herculesekin. Aurreko astean minutu batzuk jokatu zituen bere talde ohiaren aurka.
Kanporaketa gainditzeko golen bat sartu beharko luke Osasunak, baina azken jardunaldietan gol falta oso nabaria da. Camachoren hitzetan, «garrantzitsuena aukerak izatea da, dituzunean irabazteko aukera asko baitituzu». Ea hala den.
Azken egunetan egindako adierazpenei buruz mintzatu zen atzo Osasunako entrenatzailea: «Partida bati buruz ari gara, ez da hainbesterako. Partida bat eta ohartarazpen bat, jakina, eta beraiek -jokalariek- badakite».
Kopako jardunaldia atzo hasi zen. Celtak Villarreal kanporatu zuen Madrigal zelaian 0-1 irabazita. Gaur beste lau partida ere jokatuko dituzte: Racing-Alcorcon (20.00), Deportivo-Valentzia (20.00), Getafe-Malaga (22.00) eta Sevilla-Bartzelona (22.00).
Guardado, jugador del Deportivo, afirmó ayer que el jugador de Osasuna Nekounam -ha sido sancionado con un partido- fue a «hacer daño» cuando le lesionó con una entrada por detrás en el encuentro del pasado domingo, aunque matizó que no le guarda rencor.
«La intención todos la vimos: no fue para ir a parar el ataque sólo, sino que fue a hacer daño. No tengo nada contra él, ningún tipo de rencor, pero me fastidia muchísimo por las circunstancias que he vivido en estos tres años volverme a lesionar y de esta manera», manifestó el jugador.GARA