GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zaldibiako konponbide bera nahi dutela adierazi diote EAJri ondarroarrek

Gipuzkoako Aldundiak Zaldibiako Udala herritarren esku utzi ondoren, ondarroarrek irtenbide bera nahi dute: «Han posible izan bada Ondarroan zergatik ez?». Bide horren alde egiteko exijitu dio EAJri eta horrek udal zergen desobedientzia dinamika etengo lukeela diote.

p011_f01_132x231.jpg

GARA

Abenduan Zaldibiako Udala kudeatzeko prest agertu ziren bederatzi herritarrek Gipuzkoako Aldundiaren oniritzia jaso izanak itxaropena piztu du Ondarroako herritarren artean. Izan ere, 2007ko udal hauteskunde antidemokratikoen ondotik, udal demokratikoa eratzea bideragarria dela frogatu du, beren iritziko, Zaldibian gertatutakoak. Badakite, ordea, giltzarria alderdi politikoen borondatea dela eta, hori dela eta, galdera bota diote EAJri: «Zaldibian bai eta Ondarrun zeatxik ez?».

Alderdien Legeak ezohiko egoera ezarri zuen Zaldibian zein Ondarroan. Lehenengoan, EAE-ANVk eta Aralarrek boz kopuru bera jaso zuten hauteskundeetan. Ezker abertzalearen hautagaitza auzitegi espainolen aburuz legez kanpokoa zen arren, Aralarrek eta ezker abertzaleak launa eserleku eskuratzea erabaki zuten: akordioak ordea, ez zuen iraun eta joan den ekainean Aralarreko zinegotziek beren dimisioa aurkeztu zuten. Abenduaz geroztik baina, zaldibiarren esku da berriz ere Udalaren zuzendaritza.

Ondarroan oso bestelakoa da egoera, izan ere, larunbatean makina bat ondarroarrek eskainitako agerraldian salatu bezala, EAJren xedea «herritarren erabakia mespretxatuz, ezker abertzalerik gabeko udala eratzea» izan zen. Hori ekiditeko eta alderdi ororen udal bat eraikitzeko gainera, ezker abertzalea bozek emandako gehiengo osoa galtzeko prest agertu zen, baina proposamena ez zen aintzat ere hartu.

Orain, Zaldibiako gertakariak udal demokratikoa eratzea posible dela «baieztatu eta indartu» egiten duela adierazi zuten agerraldian bildutako herritarrek. Bide hori gainera, ezker abertzaleko ehunka kidek ekindako udal tasa eta zergekiko desobedientzia ekimenari «amaiera emateko modu bakarra» dela eman zuten aditzera agerraldian.

Horiek horrela, «herritarrei bizkarra emateari uzteko eta hautestontzietan adierazitakoa betetzen» hasteko deia egin zioten ondarroarrek EAJri. Hurrengo egunotan ezker abertzaleak Udalean honen inguruko mozioa aurkeztuko duela ere iragarri zuten.

Agerraldian gogora ekarri bezala gainera, «paradoxak paradoxa, EAJ berak erabilitako amarru berarekin kanporatu dute Gasteizko Legebiltzarretik». Horiek horrela, Patxi Lopez lehendakaria eta Felix Aranbari, Ondarroako gestorako zuzendaria, «homologotzat» jo zituzten ondarroarrek: «Putxerazoaren homologo».

Lekeitio

«Salbuespen egoerari stop! Baldintza demokratikoak orain» lelopean manifestazioa egin zuten larunbatean ehunka lagunek Lea-Artibai eskualdean bizi duten egoera salatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo