GARA > Idatzia > Euskal Herria

Txotx irekiera Hernanin eta Gipuzkoako txakolin denboraldia abian Getarian

San Anton egunarekin bat eginez, Aizpea Goenaga aktore, idazle eta zuzendariak egin zuen txotx irekiera atzo Hernanin. Getarian, berriz, aurtengo denboraldiari hasiera emateko Txakolin Eguna ospatu zuten.

p016_f01_148x104.jpg

GARA | HERNANI

Uzta berriko sagardoa upeletik dastatzeko aukera izan zuten atzo Hernanin. Aurtengo txotx denboraldia Aizpea Goenaga aktore, idazle, gidoilari eta zuzendariaren eskutik etorri zen. 2010eko sagardoa probatzeko irrikaz, Hernaniko Gudarien Plaza jendez gainezka egon zen eguerdi osoan. Txalapartariak, trikitilariak, txaranga eta herri kirolak ere giroa apaintzen ibili ziren.

Aurten edango dugun sagardoak bere ezaugarriak badituela adierazi zuten sagardogileek, «produktu natural bat izaki, sagardotegitik sagardotegira eta kupeletik kupelera ñabardura eta bereizgarri propioak izango dituen arren; azken batean, horixe baita sagardoaren grazia». Kolore ederreko sagardoak dira orokorrean, «aurreko uztakoak baina argixeagoak, gorputz dezente dutenak eta lehor puntua nabarmentzen zaienak», deskribatu zuten.

Sagardogileen hitzetan, 2008a ez bezala, 2009 ez da sagar urtea izan Euskal Herrian eta «kanpotik ekarri behar izan da asko». Sagarrak berez du bi urtean behin emateko joera eta teknikak erabilita, horri erremedioa jartzen dabiltzan arren, «oraindik urtero sagar asko izaterik ez da lortu». Aurten, Normandia eta Galiziatik etorri da sagar asko eta bertakoarekin nahastuta kalitate oneko sagardoak lortu direla azaldu zuten. Izan ere, hemen ez bezala, Normandian eta Galizian sagar asko izan da eta nahi izan diren sagar motak eta ondo helduak etorri dira.

Txotx garaia «sustrai sendoak dituen ohitura da gurean», defendatu zuten, «eta orokorrean dagoen errealitatearen jakitun izan arren, aurten ere jendea etorriko den esperantza dugu sagardogileok». «Iaz ere jendeak ez zuen hutsik egin» eta aurten ere uzta berriko sagardoa dastatzeko aukera galduko ez duelakoan daude sagardogileak.

2,1 milioi botila txakolin

San Anton egunarekin bat eginez, atzo Getarian ere izan zen zita. Izan ere, Gipuzkoako txakolin denboraldia ireki zuten Getariako Txakolin Egunaren baitan. Denboraldi honetan guztira 2,1 milioi botila ekoiztu dituzte Getariako Txakolina jatorrizko izendapena duten 22 upategiek eta txakolinak bere «ohiko txispa» izaten jarraitzen duela jakitera eman zuten.

Ostiralean prentsaren aurrean egindako adierazpenetan, Getariako Txakolina jatorrizko izendapenaren presidente Ignacio Manterolak eta Ruth Mozo idazkariak aurtengo uztaren xehetasunen berri eman zuten.

Euriaren ondorioz, udaberria korapilatsua izan zela aitortu zuen Jose Ignacio Manterolak. Hala ere, «udazkena oso ona izan da» eta horrek jatorrizko izendapena duten 100 mahastizainek 1,6 milioi litro txakolin eta 2,1 milioi botila egitea ahalbidetu du.

Oro har, uzta nahiko ona izan dela jakinarazi zuten. Azkenean, produkzioa 2008koaren antzekoa izan da, ia 100 hektarea mahasti gehiago izan badituzte ere. Bere kolore berde eta horia, azidotasuna eta «ohiko txispa» du bereizgarri. Ezaugarri horiek guztiek «ardo txuri berezi bihurtzen dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo