David de Jorgek sukaldaritza saio berria estreinatuko du gaur ETBn
Ikusleei bizigarria ematen saiatuko da David de Jorge gaurtik aurrera ETB2n eskainiko duen saioan. Inolako konplexurik gabe, egunean eguneko soluzioak bilatuz eta beti ere umoretsu ariko da 14.30ean ikusi ahal izango den «Robin Food» saioan.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Astelehenetik ostiralera eguerdiko 14.30ean sukaldaritza saio propioa eskaintzen hasiko da gaur ETB2: «Robin food, atracón a mano armada». David de Jorgek aurkeztuko duen proposamenaren helburu nagusia gertutasuna izango da. Haren aburuz, sukaldaritza saio gehiago, «are gehiago», beharko lirateke gaur egun, dauden edukiei so eginez gero. «Jendeari sukaldean aritzeko interesa transmititzen saiatuko naiz, beti ere era umoretsuan». De Jorgek azaldu duenez, egun ikus daitezkeen sukaldaritza saio batzuk serioegiak dira eta beste batzuk, ordea, ulergaitzak egiten zaizkio jendeari. Bere xedea etxean telebista aurrean dagoen pertsonaren buruan sartzea da, ikusleak gertukoak dituen produktuak erabiliz.
Hori da, hain zuzen, saio honek dakarren berrikuntza nagusia. Euskal Herriko produktuek leku nabarmena izango duten arren, edonork bere etxean izan ditzakeen produktuei erreparatuko die bereziki saioak. «Ez da errealista ikusleak hozkailuan litro bat salda gordeta izango duela pentsatzea», esan du aurkezleak.
Era askotako errezetak eskaintzen saiatuko da. Esaterako, festarako platerak prestatuko ditu, «baina aldi berean kondarrekin» ere prestatuko ditu beste hainbat, hau da, jaki izoztuekin, lata edo kontserbekin.
Bestalde, saio honek badakar beste berrikuntzarik. Hainbat atal izango ditu: lehenik eta behin, Martin Berasategik astean behin plater bat egingo du «Alíñame al día» izeneko atalean. «Hemen ez du bere goi sukaldaritza egingo, etxeko errezeten mailara jaitsiko da», azaldu du de Jorgek. Bigarren atala «Bailando con lobos» izango da. Hamabostean behin gonbidatu bat joango da saiora. Gonbidatuen artean, hornitzaileak, nazioarteko sukaldariak, etxekoandreak eta haurrak izango dira besteak beste. Helburua beste lekuetako errezetak hurbiltzeaz gain, «txiroen sukaldaritza» ezagutaraztea izango da; «horretan datza-eta benetako artea». Lehen gonbidatu gisa, Pedro Subijana izango duela iragarri du de Jorgek. Azken atala da ausartena: «Guarrindongadas». Honen bidez, ikus-entzuleek bidalitako errezeta edota jaki konbinazio bitxiak ezagutzeko aukera izango da. «Ezkutuan egiten ditugun gauza arraro horiek ezagutu nahi ditut eta saioan frogatuko dugu ea asmakizun edo zentzugabekeriak diren». www.david dejorge.com blogean jasoko dituzte gero ikus-entzuleen aurrean aurkezteko.
Saio berriak dakarren berrikuntza handiena atalei dagokiena da. «Alíñame el día»-k Berasategi hurbilduko du saiora, «Bailando con lobos»-ek gonbidatu anitz eta «Guarrindongadas»-ek jendearen bitxikeriei egingo die tartea.
Saioa: «Robin Food. Atracón a mano armada».
Sukaldaria: David de Jorge.
Egunak: Astelehenetik ostiralera.
Ordua: 14.30etik aurrera.
Non: ETB2n.