GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Goliaten aurrean

Mundua Haitiri begira dagoen une honetan, laguntza eta babesa emateko ahalik eta presarik handiena hartzeko eta oztopoak gainditzeko ahaleginetan, beti ere hondamendia hondamendi dela jakinda eta, ezinbestekoa izanda ere, laguntza horrek ez diola herrialdeari betiko salbazioa ekarriko ezintasunez barneratuta, hutsala dirudi beste ezeren gainean jardutea.

200.000 hildako inguru utzi dituen tragedia honen astean, baina, munduak bizitzen jarraitu du, bestelako berriek ere beren lekua izan dute eta jendeak publikoki hitz egiten jarraitu du. Horien artean Gipuzkoako gotzain berria, bera hautatu izanak sortu duen polemikak inguratuta, besteak beste, Haitin gertatutakoa ezin dela Espainiak bizi duen hondamendi moralarekin alderatu esatera ausartu dena. Abortuaren lege berria adibidetzat hartuta, noski. Nola liteke hainbeste erruki izatea pertsona ere ez denari, behin eta berriz emakumeak errudun eginda, eta hain kezka eta elkartasun gutxi sentitzea munduan dauden eta zuten gutxia galdu eta aurrera egiten saiatzen ari diren milaka eta milaka pertsonarenganako?

Elizaren hipokrisia-mailak ez nau bat-batean zur eta lur utziko, baina iraindu egiten nau sakonenean. Kasu honetan, Haitiko herritarren azalean jarrita. Pertsona eta emakume bezala, Granadako artzapezpikuak emakume guztiak iraindu gaituen bezala. «Emakumeak abortatu egiten badu, gizonak behartu egin dezake». Bortxatu, alegia, berak bortxatu hitza erabili ez badu ere. Erreakzioak anitzak izan dira, horien artean, ordea, ez da Elizaren baitatik sortutakorik izan. Inork ez du pertsonaia hori bere kargutik kendu, edo zuzenean Elizatik bota. Nik dakidanez, bakea etengabe ahotan darabilten horiek ere, ez dute ez ahotsik altxatu, ez herri-salaketarik aurkeztu. Hipokrisiak ez baitu estamenturik ezagutzen, eta interes pertsonal eta alderdikoirik ere ez. Emakumeenganako indarkeria eta abusua pulpitutik sustatu eta Justiziak ez al du zereginik? Ez al dago gurutzada hau, beste batzuk hartzen diren moduan, bere gain hartuko duen epaile ausartik?

Altxatuko denik ez dirudienez gero, bada garaia gu ere gure «hitzezko pulpitutik» auzitegietara jaisteko. Emakumeak, homosexualak, transexualak, behin eta berriz gutxiagotuak eta honek guztiak iraintzen duen oro bat eginda, pertsonatzat baino etiketa soiltzat jotzen gaituen erakunde hipokrita, iraingarri eta berdintasunarentzat hain kaltegarri hau salatzeko. Zeren badirudi nolabaiteko boterea edukitzeak, eszena publikoan zuzendaritza motaren bat izateak, edozer esateko zilegitasuna ematen duela. Ezeren gorespenaz salatua eta ukitua izateko beldurrik barik. Dela abortuaren betiko kontuaren bidez gizarte honetan emakumeon zeregina mespretxatu edo mugatzeko, dela, berriki entzun bezala, presoen bukaera, hau da, heriotza, desio izateko.

Haitin Goliaten kontra bezala sentituko dira. Hondamendiaren aurrean txiki, ezinean. Nazioartea eramaten ari denak David bihurtzen lagunduko ahal die. Boterean daudenak koldarrak direlako, geu ere antolatu eta ekingo ahal diogu, behingoz, Elizaren gehiegikeriak zigorrarazteari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo