Urrezko Aizkora zaldi-mando proba
Olasagasti eta Etxebeste bigarren fasetik oso gertu daude
Igeldotarrek mendean hartu zituzten Azurmendi eta Ugarteburu, eta final-laurdenak begi-bistan dituzte. C multzoan, berriz, Atutxa-Rekondo eta Etxeberria- Mugertza I.a jadanik sailkatuta daude.
Jon LEUNDA
Olasagastik eta Etxebestek urrats handia eman zuten hurrengo fasean izateko, herenegun iluntzean Ugarteburu eta Azurmendi mendean hartuta. Igeldoko bikoak jadanik amaitu du fase hau, eta saio bat irabazi eta beste galdu dute.
Geratzen den jardunaldian, Ohian eta Donato Larretxea neurtuko dira Ugartebururen eta Azurmendiren aurka. Hor gipuzkoarrak gailentzen badira, hiru bikoak puntu batekin geratuko dira eta beraien arteko denborak hartuko dira kontuan. Nafarrak gailentzen badira, multzoko lehenengoak izango dira eta hurrengo fasean izango dira Etxebesterekin eta Azurmendirekin.
Leitzako saioa estua izan zen, eta amaierako bi lanetan erabaki zen. Aurreneko lau lanak egin ostean Azurmendi eta Ugarteburu ziren aurretik, baina bi 60 ontzako mozteko garaian okertu zitzaizkien gauzak, igeldotarrek minutu erditik gorako aldea lortu baitzuten. Azken proban, berriz, minututik gorakoa izan zen, eta amaieran Etxebestek eta Olasagastik 22 minutu eta 52 segundo behar izan zituzten lanak burutzeko, eta 24 minutu eta 25 segundo, berriz, Azurmendik eta Ugarteburuk.
C multzoko saioan ez zen ezusterik izan, eta Rekondok eta Atutxak irabazi zuten, eta multzoko lehen postua ziurtatu zuten. Olano eta Saralegi, aldiz, lehiaketatik at geratu dira. Multzo honetan, Rekondo eta Atutxa izan dira onenak , eta beraiekin batera Etxeberria eta Mugertza I.a sailkatu dira hurrengo fasera, C multzo hau bukatu baita. Herenegungo neurketan, Rekondok eta Atutxak azken proba ez beste guztiak bereganatu zituzten. Azken horretan, berriz, berdinketa izan zen. Ez da ohikoa izaten iraupen proba batean berdinketa izatea, baina oraingoan horrela izan zen. Hala ere, ez zien ezertarako balio izan Olanori eta Saralegiri.
Lan guztiak burutzeko, 23 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten Rekondok eta Atutxak, eta 24 minutu eta 53 segundo, berriz, Saralegik eta Olanok.
Sokatira
Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan, estu eta larri izan ziren gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldian, berdinketa ugari izan baitziren. Ezustea lehen posturako izan zen, Amaiur eta Abadiño A berdinduta geratu ziren. Talde guztiak mendean hartu zituzten, eta beraien artean berdindu egin zuten. Hirugarren izan zen Ñapurrak. Ezpeletako taldeak lan bikaina egin zuen, eta bi onenekin bakarrik galdu zuen, gainerako taldeak mendean hartuz. Atzetik, berdinduta geratu ziren Berriozar eta Abadiño B. Ondoren Sokarri sailkatu zen Barrundiari bakarrik irabazita, eta azken postua denak galduta geratu zen Barrundia. Amaitzeko oraindik beste bi jardunaldi jokatu beharko dira.
Emakumezkoen 540 kilotan gauzak askoz ere garbiago ibili ziren, eta argi geratu zen Badaiotz besteen gainetik dagoela. Arabarrek saio guztiak irabazi zituzten. Atzetik, Sakana, sailkatu zen gasteiztarrekin galduta, eta ondoren Beti Gazte eta Ibarra geratu ziren, azken hauek jokatutako saio guztiak galdu ostean. Hemen ere beste bi jardunaldi geratzen dira txapelketa amaitzeko.