GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Alfarok eman du buruz burukoan lehen ezustea Etxeberri menderatuta

J.L.

Alfarok eman zuen atzo Berezkoen Buruz Burukoan lehen ezustea Etxeberri mendean hartuta, eta final-laurdenetan izango da. Etxetok ere Harizmendiri irabazi egin zion eta hurrengo fasean izango da lapurtarra ere.

Etxeberri faborito garbia zen Alfaroren aurkako kanporaketan, baina azkenean Alfarok 40 eta 38 irabazi zion. Norgehiagokak bi zati izan zituen. Lehenengoan, Etxeberri oso urduri aritu zen, eta Alfarok nahi bezala eraman zuen partida, 14-27 aurreratuz. Hor, jokatzeko era aldatu zuen Etxeberrik, eta bere maila ematen hasi zen. Azkenean 36-36 berdintzea lortu zuen. Zailena egin zuen, eta berriro ere dirua alde zuela, 38-36 aitzineratu zen markagailuan.

Hor, ordea, kintzea finitzeko pilota zuenean sekulako hutsa egin zuen, eta Alfarok berriro sakea berreskuratu zuenean ez zuen barkatu. Amaieran lau tanto jarraian eginda, garaipena erdietsi zuen.

Partidak 72 minutu iraun zituen, eta Etxeberrik sei kintze egin zituen saketik, Alfaro baino bat gutxiago. Jokoan, Etxeberrik 29 tanto egin zituen, eta 24 Alfarok. Galdu berriz, garaileak 3 galdu zituen eta 9 galtzaileak. Markagailua honakoa erakutsi zuen: 0-3, 3-14, 10-23, 16-28, 19-32, 30-34, 36-36, 38-36, 38-38 eta 40-38.

Ustez, Etxetoren eta Harizmendiren arteko partida zen erakargarriena, baina gero aise irabazi zuen Etxetok 40 eta 28. Harizmendi oso urduri aritu zen eta ez zuen bere maila eman. Etxetok berea ongi egin zuen, eta opariak ez zituen barkatu.

Ordubete iraun zuenpartidak, eta saketik 9 kintze egin zituen Etxetok, eta bi gutxiago Harizmendik. Jokoan, irabazleak 20 tanto egin eta 5 galdu zituen, eta galtzaileak, 16 egin eta 11 galdu zituen. Markagailuan honako emaitzak ikusi ziren: 1-1, 2-2, 3-3, 5-5, 6-6, 10-16, 11-20, 14-27, 24-30, 24-36 eta 28-40. Final-laurdenetan, Alfaro Ozafrainekin neurtuko da, eta Etxeto, berriz, Kurutxarirekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo