Eskalada Profila
Hansjorg Auer, librearen teoria paretan
Eskalatzaile austriarra gero eta ezagunagoa da eskaladako hainbat estilotan lortu dituen emaitzengatik. Azken jarduera garrantzitsuena iaz egin zuen: «Vogelfrei» bidea (400, 8b/b+) estilo librean.
Andoni ARABAOLAZA
Hansjorg Auer austriarrak 25 urte ditu. Gaztea da, baina dagoeneko «artisten» artean bere lekua egin du. Eskalada maite du, eta azkenaldion ondo baino hobeto erakutsi du estilo ezberdinetan bikain aritzen dela. Kirol eskaladan, adibidez «Dark Side» bidearekin 8c+ zailtasunera iritsi da. Baina Auer-ek sinatu dituen beste jarduera batzuk ikusirik, azken honek ez du benetako garrantzirik.
Duela lau urte, adibidez, aho bete hortz utzi gintuen. Marmoladako (Dolomitak) «Tempi moderni» marra bakarka eta sokarik gabe igo zuen; estilo horretako hirugarren igoera zen. Bai, austriarrak 27 luzetako bide hori bakarka integralean igo zuen; nahitaezko zailtasuna 6b+ zuen.
Urtebetera, estilo berean eta «jolasleku» berean, Auer-ek «The Fish» bide mitikoari egin zion aurre. 33 luze, 900 metro eta nahitaezko 7b+ zailtasuneko luzeak. Eta hori guztia poltsikoratu ahal izateko soilik 3 ordu behar izan zituen.
Askoz ere eskalada saio garrantzitsu gehiago egin ditu; baina, 2008an, Yosemiten izaniko eroriko baten ondorioz, ezin izan zuen asko eskalatu.
Iaz, berriz, geldialdi horretatik ihes egin ondoren, oso jarduera ederrak egin zituen. Guztiak ala guztiak gainera pareta handietan. Dolomitetan, adibidez, «Silberschrei» bidearen (8a) lehen igoera librea lortu zuen. Eta Marmoladan, «Cattedrale» bidearen igoera azkarra sinatu zuen. Baina ziur aski sona handiena lortu duena Tirolen eskuratu zuen. Schusselkarspitze izeneko paretan, hego aurpegian, «Vogelfrei» bidea eskalatu zuen. Era librean egin den lehen igoera izan da, eta Auer-ek 400 metroko bide horren zailtasunarentzat 8b/b+ proposatu du.
12 urte
Michi Warthl, Tom Dauer eta Chris Semmel hirukotea izan zen «Vogelfrei» bidea zabaldu zuena. 1997. urtea zen, eta eskalatzaile hauek ezin izan zuten era askean guztiz igo; gainditutako zailtasun handienak 8a-koak izan ziren. 12 urte pasa eta gero, Auer gai izan da bideari puntu gorria jartzeko.
Vito anaiarekin ekin zion erronkari. Hori bai, Hansjorg beti sokaburu egon zen; anaiak, aldiz, segurtatze lanetan jardun zuen. Bidea bere graduan nahiko iraunkorra da, eta, horrela bada, austriarrak zazpigarren eta zortzigarren graduko luze asko gainditu behar izan zituen. Korapilo gogorrena, askatu behar zena, azken-aurreko luzea izan zen. Asko kosta zitzaion, baina, azkenean, emaitza erdietsi zuen. Auer-en ustean, luze gogor hori 8b/b+ izan daiteke. «Bazirudien ezinezkoa izango zela. Saio asko egin ondoren, azken heldulekua hartzen esnatu nintzen», adierazi zuen eskalatzaileak.
Hansjorg Auer austriarra ondo baino hobeto moldatzen da eskaladako estilo ezberdinetan: kirol eskaladan, bakarkakoan, pareta handietan...
Auer-ek bide horren lehen igoera librea egin du. 400 metro ditu, 14 luze eta zailtasun gorena 8b/b+ da. Marraren giltza azken-aurreko luzean dago.