GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

«Avatar», «An Education» eta «En tierra hostil», BAFTA sarietarako faborito

GARA | LONDRES

«Avatar», «An Education» eta «En tierra hostil» dira Zinema Akademia britainiarrak ematen dituen BAFTA sariak eskuratzeko faborito nagusiak, zortzina izendapen dituztela. Akademiak atzo jakinarazi zuen hautagaien zerrenda eta sari banaketa otsailaren 21ean Londresko Royal Opera Housen izango dela ohartarazi.

«Precious» eta «Up in the Air» filmak ere BAFTArako hautagaiak dira, lau eta bost izendapenekin, hurrenez hurren, filmik onenerako saria tarteko.

Izendapen batzuk

Film onenarenaz gain, «Avatar»-ek, besteren artean, zuzendari onenaren (James Cameron) eta musikarik onenaren sariak lortzeko aukera du. «An Education» lanak, berriz, zuzendari onenerako (Lone Scherfig) eta emakumezko aktore onenerako (Carey Mulligan) izendapenak ditu.

Cameron (orain gutxi banatutako Urrezko Globoetan arrakasta handia lortu zuen), Lone Scherfig («An Education»), Neill Blomkamp («District 9»), Kathryn Bigelow («En tierra hostil») eta Quentin Tarantinorekin («Inglorious Basterds») lehiatuko da zuzendari onenaren saria jasotzeko.

Jeff Bridges («Crazy Heart»), Urrezko Globo baten irabazlea, drama-aktore onenagatik, hautatua izan da George Clooney («Up in the Air»), Colin Firth («A single man»), Jeremy Renner («En tierra hostil») eta Andy Serkisekin («Sex&Drugs & Rock&Roll») batera aktore onenaren saria eskuratzeko.

Emakumezkoen artean, Carey Mulligan («An Education»), Saoirse Ronan («The Lovely Bones»), Gabourney Sidibe («Precious»), Meryl Streep («Julie & Julia») eta Audrey Tautou («Coco avant Chanel») dira izendapen bana jaso duten aktoreak.

Gidoi onenari ematen zaion saria eskuratzeko zerrendan ageri dira, bestalde, «Resacón en Las Vegas», «En tierra hostil», «Inglorious Basterds», «A serious man» eta «Up». Egokitutako gidoi onenaren atalean, berriz, «District 9», «An Education», «In the loop», «Precious» eta «Up in the Air» lanak lehiatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo