GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ibon Artola «Euskal Herria Sozialista» aldizkariaren izenean

Langile klaseak programa iraultzailea behar du

Krisi kapitalistak badu alternatiba, eta badago gaur egungo arazoak konponduko lituzkeen beste eredu ekonomiko bat, baina alternatiba hori ezinezkoa da kapitalismoaren barruan

Klaseko sindikatuek oinarrizko defentsa garrantzitsua osatu behar dute enplegua suntsitzearen eta soldatak murriztearen aurka eta langabeek behar duten babesaren alde. Baina hori lortzeko, langile klasearen mobilizazioan oinarritu eta klase dominatzailearen interesekin gatazkan sartuko den programa aldarrikatzaile baten aldeko borroka egingo duen politika sindikala defendatu behar dute. Egungo egoeran, klaseko sindikalgintzak ikuspegi sozialista behar du, kapitalaren logikan ez erortzeko eta sistemaren laguntzaile ez bihurtzeko.

Krisia hasi zenetik, sindikatuetako zuzendaritza gehienen estrategia okerra izan da. Enplegua erregulatzeko txostenen %90 sindikatuen sinadurarekin onartu dira. Baina kalte txikiena onartzeko dinamika honek ez du patronalak gustura uzteko balio izan. Lan baldintzak okertu eta soldatak murriztu egin badira ere, enpleguaren etorkizuna ez da bermatu, eta honek langileriaren posizioa ahultzeko bakarrik balio du. Politika hau, langileak eta enpresariak txalupa berean daudela pentsatzea, langileen mobilizazioa ez bultzatzea eta fabrika bakoitza bere borrokarekin bakarrik uztea, patronalaren asmoei bidea libre uzteko modua da.

Klaseko sindikatuen politikan norabide aldaketa behar dugu, krisiaren ondorioak ordaintzen ari den langile klaseko gehienek are gehiago sufritu ez dezaten. Beraz, sindikalgintza borrokalari, klaseko eta demokratikoa bultzatzeko unea da, langile klase osoaren mobilizazio bateratuan oinarrituta, patronalaren ofentsiba gelditzeko eta gobernuak herritar gehienen aldeko neurri eraginkorrak hartzera behartzeko.

Klaseko sindikatuek ardura handia dute. Fabrikaz fabrikako borrokak halako krisi garai batean muga asko ditu. Horregatik behar-beharrezkoa da langileria osoaren borroka bateratua bultzatzea.

Hau da langileon klaseko sindikatuak indartzeko unea, euren militantzia handitzeko eta enpleguaren eta zerbitzu publikoen aldeko eta langabeziaren aurkako borrokarako programa bat defendatzeko. Beharrezkoa da honelako aldarrikapenak bilduko dituen programa defendatzea:

-Bankuei eta enpresei, diru publikorik ez. Diru publikoa lanpostuak bermatzeko eta langabeei langabezia-sorospen duina bermatzeko erabili behar da. 1.200 euroko langabezia-sorospen mugagabea langabe guztiei lanpostu bat aurkitu bitartean, eta, aldi berean, haien hipotekak baliogabetzea. Legez 35 orduko lan astea ezarri behar da, langile guztien artean banatuz dagoen enplegua, baina soldatak eta eskubide guztiak mantenduz. Erretiroa, 60 urterekin, soldataren %100arekin eta erreleboko kontratuak eginez.

-Kaleratzeen aurrean, enplegua erregulatzeko txostenak ez dira konponbidea. Lanpostu guztiak salbatzeko, krisian dauden enpresen nazionalizazioa eskatu behar dute sindikatuek, indemnizaziorik gabe eta langileen eta haien erakundeen kontrolpean.

-Lan erreforma ororen aurkako jarrera tinkoa. Enpleguaren ziurtasuna eta duintasuna eskatu behar da. Soldataren murrizketarik ez, eta erosteko ahalmen galdua berreskuratzea.

-Pentsioen sistema publikoaren bermea. Zerbitzu publikoen pribatizazioak gelditzea, enplegu eta hezkuntza eta osasun publikora bideratzen diren baliabideak handitzea.

-Bankaren, monopolioen eta latifundioen nazionalizazioa, horrela azpiegitura, etxebizitza, hezkuntza eta osasun publikoan programa handiak martxan jartzea posible litzateke-eta.

-Sindikalgintza mota hori Estatuarekiko eta burgesiarekiko independentea da. Langileekin etenik gabe kontaktuan eta asanblada demokratikoen bidez haien parte-hartzea bultzatuko duen sindikalgintza baten alde.

Krisi kapitalistak badu alternatiba, eta badago gaur egungo arazoak konponduko lituzkeen beste eredu ekonomiko bat, baina alternatiba hori ezinezkoa da kapitalismoaren barruan. Kalitatezko enplegua sortu, biztanle guztien bizi maila etengabe hobetu eta gehiengoaren beharrak asetzeko, posible da dauden baliabide ekonomiko eta teknologiko izugarriak erabiliko lituzkeen sistema ekonomikoa eraikitzea. Baina hori lortzeko, beharrezkoa da ekoizteko indarren, langileen planifikazioa eta kontrol demokratikoa, hau da, ekonomia eta gizarte sozialista baten oinarriak ezartzea.

Duela 150 urtetik gora sozialismoaren aldeko borroka sortu zuten eta langile mugimenduari oinarri politikoa eman zioten arrazoiak gaur egun ere guztiz indarrean daude. Langileen zerbitzurako sortu zen klaseko sindikalgintzan aurre egin nahian gabiltza, oinarrizko arazoen iturria kapitalismoaren existentzia zela ulertuz. Horregatik, langileen aldarrikapenen aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren zatitzat hartu zen. Sindikalgintza benetan klasekoa da langileen atomizazioaren eta desmobilizazioaren aurka, langileen kontzientzia, antolakuntza, batasuna eta borroka maila handitzen laguntzen duenean. Hau da langileon erakundeetan berreskuratu eta bultzatu behar dugun programa, marxismo iraultzailearen ideiekin armatutako sindikalgintza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo