Ehunka lagun bildu dira Baionan, enplegu eta zerbitzu publikoak defenditzeko
Ainize BUTRON |
Azken urteotan Gobernu frantsesak daraman zerbitzu publikoen desegituraketa salatzeko manifestazio eta greba egunera deitua zuten atzo sindikatuek. CGT, CFDT, FSU, Solidaire eta UNSA bost sindikatuak bateraturik Lan Burtsan emana zuten hitzordua «kalitatezko zerbitzu publikoa, hezkuntza politika eraginkorra, eta enplegu publikoa» aldarrikapen nagusiekin.
Iaz eskakizun berdintsuekin karriketan ibili ziren 10.000 lagunekin konparatuz, atzoko manifestazioa murritza izan zen. Izan ere, zenbait kazetarik egindako zenbaketen arabera, zortziehun bat pertsona bildu ziren mobilizazioan.
Bertan zerbitzu publikoko hainbat sektoretako langileak ordezkatuak ziren. Irakasleekin batera, lurralde kolektibitateetan lan egiten duten agenteak eta erietxe publikoko langileak bildu ziren. Horiekin batera, beren sostengua eskaintzeko hurbilduriko Ikas eta Irauliko ikasleak ere ikusi ziren.
Lan Burtsatik abiatu ondoren, Suprefeturarako bidea hartu zuten, atzoko mobilizazioaren aldarrikapenak suprefetaren esku uzteko asmoz.
Azken urteotan zerbitzu publikoa «erreformatzeko» xedearekin Gobernu frantsesa egiten ari den lanpostu murrizketa eta zerbitzu publikoaren desagerpena salatzeko agertu ziren sindikatuak karriketan. Suprefeturaren aitzinean zeudela, Sandra Pererak sindikatuen izenean hitza hartu zuen: «Lurralde kolektibitateen erreforma demokrazia eta finantza publikoen kontrako lapurreta handi bat da», salatu zuen. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan ondoko ikasturteari begira irakaskuntzako hamahiru lanpostu murriztuko direla jakin berri dela-eta, 2007az geroztik Estatu frantseseko funtzio publikoan orotara 100.000 lanpostu kendu direla gogorarazi zuen
«Frantses Gobernuak zerbitzu publikoa eta bereziki irakaskuntzarekiko duen enplegua aurrezteko ikuspegia azkarki salatu behar da», adierazi zuen Pererak. Lurralde erreforma Senatuan eztabaidagai dagoen unean, egitasmo horrek lurralde arteko harremanak eta lurraldeko eta tokian tokiko zerbitzuen arteko loturak arriskuan jarriko dituela esan zuen. Bestalde, hezkuntzari dagokionez, hiru urtez 50.000 lanpostu galdu direla nabarmentzearekin, irakasle postuak kenduz «hezkuntza publikoaren kalitatea» arriskuan jartzen dela gaineratu zuen.
Greba deiak, erantzuna
Manifestaziotik at, greba egunak erantzun ona izan zuen, bereziki Lehen Hezkuntzan, langileen %70ek lanuzteak egin baitzituzten. Horrekin batera, ehun bat eskolek ateak itxi zituzten. Gainera, hil honetarako hainbat arlotako beste mobilizazio dei batzuk ere eginak dira dagoeneko. Finantza eta zergetako langileek urtarrilaren 22an emana dute hitzordua; ospitaletako langileek, berriz, urtarrilaren 26an; eta hezkuntzako langileek, azkenik, hilaren 30ean.
LAB sindikatua, bere aldetik ez zen sindikatu gisa atzoko mobilizazioan agertu. Bere esanetan «premiazkoa da epe luzerako mugimendu zabal eta bateratu bat antolatzea».