GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Zinegoak diru murrizketa nabarmenak izango ditu aurten

Aurreko edizioetan baino film gehiago aurkeztu badira ere, Zinegoak Bilboko gay-lesbo-trans zinemaldiaren 7. edizioak pelikula gutxiago izango ditu aurten, aurrekontuan jasandako murrizketak direla-eta. Nolanahi ere, urtarrilaren 29tik otsailaren 6ra ospatuko dute jaialdia.

p041_f01_148x100.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Diru laguntzak nabarmen murriztu dizkiote Zinegoak zinemaldiari. Orain arte Lakuako Gobernuko Gizarte Gaien Sailetik jasotzen zuten laguntzarik gabe gelditu dira, esaterako, eta oraindik ez dakite Kultura Sailetik zerbait iritsiko zaien ala ez. Iazko 90.000 euroko aurrekontua 60.000 eurotan gelditu da, datorren astean hasiko den eta bederatzi egun iraungo dituen zinemaldiarentzat.

Kontuak kontu, programazio oparoa prestatu dute aurtengo 7. ediziorako ere. Aurkeztu diren 400 pelikula ingurutik, ia 70 aukeratu dituzte jaialdirako, horien artean sei mundu mailako estreinaldi egingo dira.

Beti bezala, Arriaga antzokia, Capitol aretoa, Bilborock eta Fnac izango dira jaialdiaren lekuko baina, berrikuntza gisa, Guggenheim ere sartuko da aurten. Bertan ospatuko da itxiera gala, baita azken jaia ere.

Wieland Speck, Ohorezko Saria

Arriaga antzokian emango zaio hasiera datorren ostiralean Zinegoak jaialdiari. Manex Rekarte eta Leire Ucha antzezleek aurkeztuko dute inaugurazio gala eta bertan izango da aurten Ohorezko Saria jasoko duena. Antolakuntzak Wieland Speck (Friburgo, 1951) aukeratu du, «alde batetik, Berlinale zinemaldiko Panorama atalean eginiko lanagatik eta, bestetik, 1985an egindako `Westler' pelikularen bitartez, gay-lesbo-trans errealitatearen normalizaziorako egindako ekarpenagatik». Speck Bilbon izango da egun horretan saria jasotzeko. Galan bertan, aurten emango duten film labur euskaldun bakarra -Daniel Cortazar bilbotarraren «Los Fuegos»- proiektatuko dute, baita Daniel de Marco Berger argentinarraren «Plan B» film luzea ere.

Gonbidatuak bederatzi egunetan zehar izango dira Bilbon, parte hartuko duten filmetako zuzendari gehienak etorriko baitira. Sergio Fabio Ferrari zuzendari italiarrak «L´ultimo giorno d´invierno» lana estreinatuko du eta Joao Pedro Rodrigues portugaldarra ere hemen izango da beste behin.

«Txistuaren showa» lehiaketa berria ere jarri dute martxan. Parte-hartzaileek film labur bat egin beharko dute objektu baten inguruan. Otsailaren 5ean Bilborocken proiektatuko dituzte eta ikusle guztiek txilibitu bat izango dute ikusten dutena gustatzen zaien ala ez adierazteko. Izen-ematea abian dago jada, www.zinegoak.com atarian.

Aurten ere jaialdia Euskal Herrian barna zabalduko da Bilbokoa amaitu ostean. Bizkaiko bost herritara joango da, Gipuzkoako laura, baita Iruñera ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo