GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Adierazpen askatasuna ere dirutan neurtua

AEBetako Auzitegi Gorenak atzo enpresek eta sindikatuek hauteskunde kanpainak finantzatzeko mugak kendu izana adierazpen askatasunaren aldeko ebazpen gisa aurkeztu zuen. 1990ean eta 2003an ezarritako murrizketek ez zuten saihesten korporazioek hauteskunde emaitzetan -eta, beraz, hainbat instituziotan- duten eragina, ezta ustelkeria kasuak ere, baina aurrerantzean horrek ez du arazorik sortuko, ez baita arauz kanpoko finantzaziorik izango, eta finantzazio guztiak, ustelkeria kasuak barne, adierazpen askatasunaren agerpenak izango dira, Auzitegi Gorenaren argudioen ondorioz. Haren ebazpenak, izan ere, zenbat eta diru gehiago eduki, orduan eta adierazpen askatasun handiagoaren jabe izatea bermatzen du legearen babesarekin. Nolanahi ere, adierazpen askatasuna dirutan neurtzea ez da horren formula orijinala, botereek beste hainbat askatasun eta eskubide neurtzeko erabiltzen duten modu berbera da-eta. Orain artean kanpainak finantzatzen zituzten korporazioen eragina nabarmena -farmazia industriarena, esate baterako, disimulurik gabea- bazen ere, AEBetako Auzitegi horrek ez du sumatzen instituzioen jarduera enpresek hautesleek baino gehiago baldintzatzeko arriskurik. Beharbada hala dela sinesten du benetan, baina herritar guztiek ere finantzazio hori interesik gabea dela sinestea nahi ote du?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo