GARA > Idatzia > Mundua

AHTren aurka borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute Susa bailaran

Abiadura Handiko Trenaren aurkako borrokak ez du etenik Susa bailaran, Italiako ipar-mendebaldean. 2005ean proiektua gelditzea lortu zuten arren, egitasmoaren sustatzaileek zundaketa lanak hasi dituzte berriz. Linearen aurkakoek ez dutela amore emango iragarri dute.

GARA

Italiako ipar-mendebaldean, Susa bailaran, martxan dira Lyon eta Turin lotzeko Abiadura Handiko Trenaren bidea eraikitzeko aurretiko lanak, eta proiektua gelditzeko borrokan ez dutela amore emango adierazi zuten atzo haren kontrakoek.

«Azken hatsa heldu artean, borrokatzen jarraituko dugu», adierazi zuen No-TAV plataformako kide Luigi Caselek. Azaldu zuenaren arabera, Estatu frantsesa eta Italia lotu nahi dituen linearen eraikuntzak «hondamendia eragingo du, bai ingurumenari dagokionean, bai gure osasunean». Diru gastu ikaragarria ere izango litzateke.

«Ez dugu pasabide hutsa izango den bailaran bizi nahi. Baditugu bi errepide nazional, autobide bat, trenbide bat...», kexatu zen Sandro Plano, Susa bailarako komunitateko presidentea.

Iragan astean hasi eta hilaren amaiera bitartean egitekotan diren zundaketen bidez trenbideak izango lukeen ibilbidea zehaztu nahian ari dira sustatzai- leak, aurreproiektua ekainean aurkezteko.

Parisek eta Erromak 2001ean hitzartu zuten trenbidea eraikitzea, europar komunikazio sarean giltzarria zela iritzita. Paris eta Milan arteko ibilbidea zazpi ordutik laura murrizteaz gain, errepidetik kamioiak aterako lituzkeela ere argudiatu zuten: 600.000tik milioi batera arte.

Estatu frantsesean lanak hasi ziren arren, Italiako gizarteak egindako oposizio sendoak proiektua behin-behinean gelditzea lortu zuen. Agintariek diote oposizioa ezerezean gelditu dela eta ez dela proiektua gelditzeko gai, baina plataformak gezurtatu egin zuen, eta aurkako jarrerak errotuta jarraitzen duela aldarrikatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo