Australiako Irekia
Hewitt-Baghdatis lehiak ikusmina piztu du Melbournen
Bi tenislariak elkarren kontra aritu ziren 2008an, goizeko 4.30ean amaitu zen neurketa batean. Bestalde, Ana Ivanovic serbiarrak agur esan zion txapelketari.
GARA | MELBOURNE
Jarraitzaile australiarrek aspalditik irrikatzen zuten lehia ikusteko aukera paregabea izango dute hurrengo kanporaketan. Izan ere, Lleyton Hewitt heroi lokala eta Marcos Baghdatis zipretarra arituko dira elkarren kontra, bakoitzak atzo bere neurketa irabazi eta gero.
Hewittek 7-6 (3), 6-4 eta 6-1 irabazi zion Donald Youngi. Baghdatisek, aldiz, sailkapena lortu zuen David Ferrerri 4-6, 3-6 eta 7-4 (4) irabaztean.
Australiako eta Zipreko tenislarien arteko lehia honek, lehen begiratuan, ezer berezirik ez duela dirudi. Baina hori pentsatzen duena oker dago. Historia liburuetan idatzirik dagoen lehia jokatu zuten biek 2008an Melbournen, goizaldeko 4.30ean amaitu zen neurketa batean. Orduan, bost set behar izan zituen Hewittek bere aurkariari irabazteko.
Australiarrak bere garairik onenetara itzuli nahi du. ATPko lehen postua lortu zuenetik denbora gehiegi igaro da, 2001eko azaroaren 19an izan baitzen. Hortxe eutsi zion 2003ko apirilaren 21era arte. Ondoren, hilabetez lidergoa galdu, baina gero beste hilabetez mantendu zen gorenean. Ordutik hona, ordea, Hewittek ezin izan du mailarik onena eman, nahiz eta oso gertu ibili den rankingeko lidergora itzultzetik.
Baghdatisen karrera ezberdina izan da. Bere posturik onena 2006ko abuztuaren 21ean lortu zuen, sailkapeneko zortzigarren tokiraino igotzerakoan. Titulu pertsonalen artean, aipatzekoa da Zipreko «Urteko gizona» izendatu zutela 2005. urtean.
Hewitten eta Baghdatisen arteko lehia erakargarriago bihurtzen duen beste faktore bat ere badago. Izan ere, zipretarrak bederatzi osaba eta hogeiren bat lehengusu ditu Australian.
Ezusteko gehiago
Atzoko jardunaldian gizonezkoen artean sorpresa handirik egon ez bazen ere, emakumeen artean aipatzekoa da Ana Ivanovicen kanporaketa (munduko hogeigarrena). Serbiarrak ezin izan zuen Gisela Dulko argentinarraren aurka irabazi (hogeita hamabosgarrena sailkapenean), eta 6-7 (6), 7-5 eta 6-4 galdu zuen.
Atzora arte, Dulkok ez zuen inoiz Ivanovicen aurka irabazi, izan ere, 2008an Roland Garroseko txapeldunaren aurka neurtu den bi aldietan -Charlestonen, 2007an eta Indian Wellsen, 2009an- argentinarrak set bakarra irabazi dio.
Beste partidei dagokienez, Serena Williams munduko lehen sailkatuak 6-2 eta 6-1 irabazi zion Petra Kvitova, eta Alberta Brianti italiarrak Sabine Lisicki alemaniarra (munduko hogeita batgarrena) kanporatu zuen.
Gizonezkoetan, Federerrek (1), Djokovicek (3), Davydenkok (6), Verdascok (9), Tsongak (10) eta Haasek (18) ez zuten hutsik egin.