GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Urak dakarrena, urak daroa

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Bagera, gu ere bai, gu beti pozez, beti alai, beti alai. Sebastian bat bada zeruan Donosti bat bakarra munduan...» Kantua eta dagozkion danbor burrunba hotsak izan genituen aho, belarri eta baita eskuetako danborretan ere. Gaueko hamabietako kanpaiek jo bezain pronto, soinu aski ezagun eta zaharrez bete zitzaigun Donostiako Konstituzio plaza eta hiri osoko elkarte, etxe eta kaleak ere bai. Une hunkigarriak bizi izan genituen, ez baitzuten isilduen ahotsa isilaraztea lortu alde batetik, eta bestetik, bizitza osoan geure artean izan dugun Juan Mari Abaden agurra ere izan genuelako. Euritan blai, egun handiari hasiera eman zitzaion eta horrekin batera festa eta ospakizunari. Gau osoa danbor burrunba artean iragan ostean, asteazken egun guztian zehar ere, danbor hotsen erritmoetan dantzatu zuten gazteek, helduek eta hain gazteak ez zirenek ere tradizioaren eta festaren jantzia soinean eta bihotzean ipiniaz. Danbor kolpeak bihotz taupadak bailitzan.

Baina danborrak albo batera utziaz, antzerki taupadaz mintzatu beharrean naiz, izan ere, danborradaren erraiak, zuhaitzak bezala, tradizio zaharrean sustraituak izanik, gure antzerkia, itsas azaleko itsasontzi hauskorra baino ez da eta krisiak eragindako ekaitza dela eta, aurtengoan ez dugu Dferiarik izango. Olatu eta itsas korronteen mendean dagoen beirazko itsasontzia baino ez dugu gure antzerkia eta itsasbehera dugun honetan, itsas bazterreko portuan geratu beharko du datorren urtean itsasgora izango dugulakoan. Baina bien bitartean izan eta izango dugu antzerkiaz gozatzerik. Izan ere, joan den asteburuan, Txalo taldearen «Arrastoa» antzezlanaren estreinaldia izan genuen Antzoki Zaharrean eta antza denez, jendez gainezka izan zen antzokia. Baina ez hori bakarrik, Iruneko Amaia antzokian ere, L´Alakran taldearen «Kaïros, sísifos y zombies» ikusteko aukera izan genuen eta Lugaritzen ere, Sexpeare taldea ikusterik izan genuen, «El título de este espectáculo no es mi madre» antzezlanarekin.

Danbor hotsak urrundu egin badira ere, haizeak kalderero eta inauteri kantuen oihartzuna dakar, eta honekin batera, Kimuak-eko film laburrak. Izan ere, gaur, aurreko urtean Euskal Herrian ekoitzitako zortzi film labur ikusteko aukera izango dugu Victoria Eugenia antzokian, aukera paregabea oraindik ikusi ez dituztenek ikusterik izan dezaten. Eta antzerkiari dagokionez, igande honetan, besteak beste, EFS Produkzioen «Humortal» kaleko antzezlanaz gozatzerik izango dugu Antigua auzoko Gaskuña enparantzan eguerdiko 13etan. Eta bandera jaitsierarekin batera, aurtengo danborrada amaitu zen bezalaxe, antzerkiaren itsasontzia portuan geratu da aurten, baina esaera zaharrak dioen moduan, urak dakarrena, urak daroa baina... ez al da egia, urak daramana ere, urak berak dakarrela?

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo