«Entzule bezala entzun nahi genukeen diskoa egiten saiatu gara»
Jon Iturbe eta Iñigo Agirrezabaltegi
The Hot dogs taldeko kideak
Euskal Herrian egiten den rock&roll musikaren erreferente nagusietako bat Urretxuko The Hot Dogs boskotea da. Taldeak egindako ibilbidean lau urteko etenaldia izan arren, bi hamarkada beteko ditu laster taula gainean, eta bidean iraupen luzeko lau disko argitaratuak ditu. Entsegu lokaleko orduak alde batera utzita, «Nothing but a bad day» taula gainean aurkezteko garaia heldu zaie.
Koldo OTAMENDI
The Hots Dogs taldearen bidea, 1991ean abiatu zen, Urretxun. Hasierako ohiko emanaldiak egin eta maketa bat kaleratu ondoren, Kike Turmix handiarekin egin zuten topo, eta berari esker estatuan zehar kontzertu andana eman ahal izan zuten, baita bi disko argitaratu ere: «Rock & Roll army 69» eta «Powerhouse». Taldea abiadura bizian zebilen: %100 rock&rolla, izerdia, energia, kaosa, taula gaineko jarrera, eta kontzertu ahaztezinak. Alta, abiadura eta anabasa horrek taldea desegitea ekarri zuen, bigarren diskoa argitaratu eta gutxira. 2004an, ordea, taldea berriz ere batu, eta «III» diskoa kaleratu zuten 2006ko azaroan. Rock eszenarekin berriz ere harremanetan jartzeko balio izan zien lan horrek, nahiz eta esperotako fruituak jaso ez. Konposaketa lanetan murgilduta berriz ere, «Nothing but a bad day» diskoko kantuak landu dituzte 2009. urtean zehar. Bidean, Iker Alvarezek taldea utzi du, eta bere ordez Asier Alzaga sartu da gitarra astintzera. Zakur beroen iragana eta oraina ezagutzeko, Urretxun duten entsegu lokalera jo dugu, eta bertan, hamabost metro koadroko lokal txikian, rock&rollak gainezka egiten du.
Lau urteko isilunearen ostean, «III» diskoarekin itzuli zineten 2006an. Aurrez ezarritako helburuak bete zituen lan horrek.
«III» diskoak agertokietara itzultzea ekarri zigun, taldekide bakoitza hainbat urtez bere aldetik bidea egiten ibili eta gero. Diskoarekin gustura geratu ginen arren, lehen urratsak ziren eta hori nabari da kantuetan. Egia esan, dezepzio txiki bat izan genuen itzulera horretan. Ez genuen zuzenean nahi adina jo eta diskoa mugitzea ere zaila izan zen. Musikagintza egun zer-nola dagoen ikusteko balio izan zigun eta konturatu ginen bide luzea geratzen zitzaigula egiteko. Taldearen lehen aroan Kike Turmix genuen alboan eta bera arduratzen zen taldearen inguruko gauza askotaz.
Taldearen bi aroak ederki sumatzen dira zuen diskografian.
Gure eraginak eta erreferentziak lehengo berberak dira nagusiki, baina gure lan egiteko era aldatu da. Hasierako urteetan bagenuen nolabaiteko aurreiritzi bat soinu zehatz bat bilatzearen gainekoa, edota ez dakit zein talderen «klixeak» errepikatzen genituen. Adinean ere aurrera egin dugu, ordea, eta hori ere nabaritzen da taldean: musika jotzeko eran, eta batez ere, musika ulertzeko unean. Beharbada, taldearen hasierako garaietan punk zertzelada gehiago genituen, musikalki begiratuta, eta orain rock klasikora gerturatzen gara gehiago. Gaur egun egiten dugun lana naturalagoa da, berez sortzen da, inora eta ezeri begiratu gabe. Ideiak argiago ditugu orain.
Taldeari buruz aritzerakoan Rolling Stone eta AC/DC taldeen artean kokatu izan zaituztete sarri. Horrelako alderatzeak ez dira oso bidezkoak talde batentzat. Ez dute espektatiba handirik pizten.
Bi eragin horiek ukaezinak dira. Guretzat munduan diren bi rock&roll talderik handienak dira; beraz, gure izena horien alboan jartzea gauza handia da, bakoitza bere mailan, betiere. Badira ordea beste zenbait talde, gustuko ditugun arren, ez ditugunak zuzenean geure buruarekin identifikatzen, nahiz eta gure erreferentetzat aipatu dituzten, Backyard Babies edo Buckherry esaterako. Guk ez ditugu gure eraginak ezkutatzen, baino askotan kazetariek ezarritako erreferentziak dira diskoei buruzko iruzkin eta erreportajeetan azaltzen direnak. Guk argi dugu ez dugula ezer berririk sortzen musikalki, eta gainera, hori ez da gure intentzioa. Eraginak hor daude, baina horien gainetik, The Hot Dogs berezko nortasuna duen taldea dela uste dut. Azken batean, entzule bezala gustuko izango genuke.
Beti aipatu izan da The Hot Dogs zuzenekoetako taldea dela. Kontzertuetan diskoa den bezala jotzen duzue, ala badago alderik estudioko lanaren eta zuzeneko baten artean?
Diskoek zuzenekoaren antza dute, eta ez alderantziz. Gurea zuzenekoetako taldea da, eta disko honen lanketa hortik doa. Grabaketa ere zuzenean eginda dago, gerora estudioan ahotsak sartuz. Estudioan konponketa batzuk egin ditugu, baina zuzenean garena islatzen saiatu gara nagusiki. Inoiz egin dugun diskorik naturalena izan da hau: ez dago beste taldeen bertsiorik, ez musikarien lankidetzarik, ez moldaketa askorik... Gu geu garen bezalakoak azaldu gara honakoan, saiatzen gara makillaje askorik gabeko kantuak sortzen. Hori da gure helburua, eta hori lortzen dugulakoan nago.
Euskal Herrian normaltasunez jotzen duzue, baina agian Estatu espainolean harrera hobea du taldeak.
Lehen bi diskoekin emanaldi mordoa egin genuen Euskal Herritik kanpora. Sarri joaten ginen Madril, Bartzelona edota estatuko beste hiriburuetara. Zale mordoa bildu genuen, eta gure izena rock&roll eszenan zabaltzeko balio izan zuen. Taldearen egungo erronka urteak atzera irabazi genuen lekua berreskuratzea da, eta datozen hilabeteetan horretan jardungo gara.
Zuena bezalako talde batek Europa mailan ere zeresana eman dezakeelakoan nago. Alta, inoiz ez duzue saiakerarik egin kanpora ateratzeko.
Logistika arazoa da. Guri gustatuko litzaiguke atzerrian saiakera egitea, baina ez dugu begiratu ere egin. Disko honekin zerbait egingo dugulakoan gaude, bada garaia. Gure lanbideak direla-eta, entseatzeko ere arazoak izaten ditugu askotan; beraz, pentsa, zer den guretzat atzerrian bira bat egitea. Gure lehen bi diskoak mugitu ziren kanpoan, eta oihartzuna izan zuen rock aldizkari eta fanzinetan. Disko berria Europan mugituko da Alemaniako banatzaile baten lankidetzarekin, eta ea horrek bide batzuk irekitzen dituen.
Egunotan jakin dugu Azkena jaialdian joko duzuela aurten. Bazen garaia, ezta?
Gure artean beti aipatu izan dugun gauza da Azkena jaialdian jotzea. Egia esanda, musikalki gure eremu naturala da. Lehen aipatu dizugu, inoiz ez dugu asmatu geure burua ongi promozionatzeko kontuan. Azkenako ordutegiak ez dakizkigu oraindik, baino oso pozik gaude kontzertua fitxan egoteagatik.
Artista: The Hot Dogs
Diskoa: «Nothing but a bad day».
Zigilua: GP Records.
Kantu kopurua: 10.
Iraupena: 40 minutu.
Formatua: Biniloa eta CDa.
Sarean: www.gpproducciones.com.
Zuzenekoak:
Urtarrilak 30, Bergara.
Otsailak 5, Lierganes.
Otsailak 12, Madril.
Otsailak 20, Hondarribia.
«Rolling Stones eta AC/DC munduko rock&roll talde handienak dira. Gugan zuzenean eragin dute, beraz, gure taldeari buruz hitz egiterakoan talde horien aipamena egitea logikoa da»
«Diskoa zuzenekoa izango balitz bezala grabatu dugu, taldearen berezko izaera aldarrikatuz. Gure nahia emanaldietan lortzen dugun indarra eta energia grabazioan islatzea izan da»
Euskal Herrian eginiko rock&rollak sarri gure lur eremua baino atzerria izan du jo puntu urte askotan. Kanpoan lorturiko sona eta onespena, gurean jasotakoa baino handiagoa izan da, etxean baino kanpoan lortu izan dutelarik errekonozimendua. La Perrera bezalako taldeek irekitako bidea gerora Buenavistako entsegu lokaletan gauzatuko zen eztandaren abiapuntu bilakatu zen: Discipulos de Dionisos, Nuevo Catecismo Catolico, Señor No... Bide horretan kokatzen dira Safety Pins edota The Hot Dogs ere. Guztiak rockaren 66 errepidetik ziztu bizian bidaiatuz. Kuraiaren sorrerak, berriz, euskal entzuleak erakarri zituen gitarra beroen erritmoetara eta bidean Surfin Kaos, SextySexers edo Sermond´s bezalako bandak sortu ziren. The Hot Dogs taldekoak rock&rollaren eremu klasikoan murgilduta dabiltza egun, hainbeste miresten dituzten AC/DC eta Rolling Stones taldeen eraginpean, baina berezko nortasuna galdu gabe. Hasierako punk zertzeladak musikalki alde batera utzita baina jarrera horri eutsiz zuzeneko emanaldi izerditsuetan. Azken batean, gurean egindako rock&rollak izen gorenik badu, hori The Hot Dogs da.